Zizurkilgo Plan Orokorra abian da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 17:51

Datozen urteetan Zizurkilen egingo diren aldaketa eta proiektuak biltzen dituen Plan Orokorrak hasierako onarpena jaso berri du.

Aldaketa handiak aurreikusi dira Plan Orokor berrian, bai Zizurkil Goian baita Elbarrena inguruan ere. Mari Anjeles Lazkano alkateak eman du Plan Orokorraren inguruko informazioa: “Aurreko legealdi osoa eman dugu Plan Orokorra garatzen. Herri guztia aztertu dugu eta beharraz aztertu, ahalik eta irtenbdierik egokiena ematen saiatu gara. Dagoeneko hasierako onespena eman zaio. Plana bere osotasunean ezagutu nahi duen orok udaletxean du horretarako aukera. Urtarrila bukaera bitarte izango da ikusgai eta alegazioak aurkezteko aukera ere zabailk dago”. Internet sarean ere ikusgai daude Plan Orokorrean biltzen diren aldaketa nagusiak, www.zizurkil.com.
Aurkezten diren alegazioak aztertzeko tartea hartuko dute Udaleko kideek datozen hilabeteetan: “Egindako aldaketekin beste onarpen bat eman behar zaio Udalean eta hori egindakoan, Foru Aldundira bidaltzen da Plan Orokorra. Sei bat hilabete hartzen dituzte dokumentazioa begiratzeko eta amaitutakoan, beharrezko ikusten dituzten aldaketen xehetasuna bidaltzen dute. Aldaketa horiek egindakoan ematen zaio behin-betiko onarpena Planari. Gure kalkuluen arabera, datorren urte bukaeran izan daiteke”.
Datozen hamar edo hamabi urte inguruan garatzen joango dira Plan Orokorrean  bildutako proiektuak, Mari Anjelesek eman du puntu nagusienen inguruko informazioa.

Futbol zelaia eta Fraisoro ingurua
Danena futbol zelaia dagoen gunean etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du Plan Orokorrak. Guztira 190 etxebizitza eraikiko lirateke bertan, horietatik 66 salmenta librekoak, salneurri tasatuko 51 eta babes ofizileko 73 etxebizitza. “Plan Orokor honekin ziurtatu nahi dena, etorkizunean eraiki beharreko etxebizitzetarako lurrak eskura izatea da. Horrek ez du esan nahi etxebizitza kopurua aldatuko ez denik. Proiektuak gauzatzeko momentua iristean merkatuak eskatzen duena kontuan hartuta, etxebizitzei emango zaizkien metroek, etxebizitza kopurua zertxobait alda dezakete”, dio Mari Anjelesek. “Etxebizitzak egiteaz gain, gune berdeak sortzeari ere garrantzia handia ematen diogu. Horregatik, futbol zelaiko etxebizitzak eta Fraisoroko lurren artean, gune berde zabala egingo da. Pasiatzeko bidezidor batzuk izango dituen parkea izango da”, gaineratu du. “Fraisoro inguruan kirol gunea egitea ere aurreikusi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu mota honetako baliabideak herrigunetik gertu jartzea eta horretan saiatu gara”.

Errota ingurua eta Akezko auzoa
“Gaur egun gune horretan dagoen industrigunea kendu eta etxebizitzak egingo lirateke. 156 guztira. Horietatik 94 salmenta librekoak, 31 balio tasatukoak eta beste 31 babes ofizilekoak. Horrez gain, errepideaz bestaldetik ere etxebizitzak egingo lirateke. Gaur egun Akezko auzoa ahaztuta dagoela ematen du eta etxebizitza berriak eginez gero, herriari jarraipena emango genioke. Akezko auzora igotzeko aldapa berrikusiko da, aparkaleku berriak egingo dira eta auzoari beste patxada bat emango zaio”.

Itturralde baserria
Muñoa kaleko etxebizitzak eta Itturralde baserriaren arteko lursailetan etxebizitza berriak egitea aurreikusten du plan berriak. Zona berdeak ere mantenduko lirateke. “Zerrategian egingo diren etxebizitzei gehituz, herria zabaldu egingo litzateke”.

Iartza auzoa
“Urte askotan zigortuta egon den auzoa izan da Iartza. Asteasuko errepidea bertatik pasatzeak kalte egin dio. Errepide hori tokiz aldatuko denez, auzoa berrikusteko aukera izango da. Orain, bertara joateko bide bakarra dago, baina etorkizunean errepide berria egingo litzateke auzora joateko eta gaur egun ezagutzen dugun aldapa hori mantenduko bada ere, oinezko eta autoentzako bide mistoa izatera pasako da”, azaldu du. Iartzan beste zona berde zabal bat egitea aurreikusi dute.

Zizurkil Goia
Errepidea Elizaren atzealdetik pasako da, baina elizatik pixka bat aldenduta. Eliza eta plaza ingurua oinezkoentzako gune izango da. Horrez gain, zenbait etxebizitza eraikiko da, bai Etxe-Maite inguruan, baita San Millan etxearen atzealdean ere. Guztira, 70 etxebizitzatik gora eraikitzea aurreikusi dute plan berrian. Eskolako eraikina handitzeko proiektua ere jaso dute Plan Orokorrean. Iriarte Etxea ere handitu egingo dute eta herritarren beharrei erantzun ahal izateko beste eraikinen bat sortzeko aukera ere gordeko dute.

Kirol eta kulturguneak
“Etxebizitza berriak egitearekin batera, sortuko diren behar berriak betetzeko zerbitzuak  ere eraiki behar dira. Horregatik, zenbait gune gorde dira sor daitezkeen beharrei erantzuna emateko. Kultur etxea, jubilatuentzako gunea, gazteei zuzendurikoa..., mota askotako beharrak sor daitezke eta horiei erantzuteko gune ezberdinak egitea aurreikusi dugu herriko zonalde ezberdinetan. Fraisoro inguruan aurreikusitako kirolgunea, bestalde, Danena futbol zelaian egingo diren etxebizitzetatik gertu egongo da”, azaldu du Mari Anjelesek.

Zizurkil eta Asteasu arteko errepidea
Aurreko legealdian Asteasurako errepidearen trazatu berria finkatu zen: “Iartza auzoaren proiektua, Akezko ingurua..., herriko gune horiek biziberritzeko lanak ezingo dira hasi errepidearen trazatu berria martxan jarri arte. Aurreikuspenak betetzen badira, 2011n egina egongo litzateke errepide berri hori. Orain arte trafiko izugarria pasatzen zen herrigunetik eta errepide berri honek lasaitasun handia ekarriko du”.

Etxabeak etxebizitza bihurtzeko aukera
“Etxabe edo lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera zabaldu da. Baldintza batzuen barruan sartzen diren etxabeak soilik bihurtu ahal izango dira etxebizitza. Bestalde, etxabe komertzialen prezioa gehiegi igotzea saihestu nahi dugu. Aurreko Plan Orokorrean ez zegoen jasota aukera hori eta oraingoan sartzea erabaki dugu”
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!