New Yorkeko maratoian, onenen pare

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 17:39

Kirolari petoa da Joxean Iraola asteasuarra. Zaletasun horrek New York-era eraman du aurtengo udazkenean. Hiru orduz azpitik bete zuen hiri amerikarreko maratoia, kirol urtea borobiltzeko.

Ez da batere erraza New Yorkeko maratoian parte hartzeko txartela lortzea. “Urte eta erdi lehenago egin genuen hara joateko plana. Aurrez egindako maratoiren bateko denbora ofiziala aurkeztuz gero, errazagoa da dortsala lortzea, gainerakoan, zozketa baten barruan sartu beharra duzu eta oso zaila da egokitzea. Nik Donostiako maratoiko denbora aurkeztu nuen”, azaldu du Joxeanek.
Astebete igaro zuen Joxeanek New Yorken: “Beste mundu bat da. Gainera, han ginen egunetan Halloween eguna egokitu zitzaigun, baita hauteskundeak ere. New York-eko jende asko Obamaren aldekoa zen eta ospakizun handiak egin ziren. Jendea oso pozik zegoela ikusten zen, zirrara handia bizi zen kaleetan”.
Milaka eta milaka korrikalari atera ohi da maratoi entzutetsuan: “Dena oso ondo antolatuta izaten dute, harrigarria da, horrenbeste korrikalari ateratzen den maratoia hain ondo antolatuta izatea. Dortsalak koloreka sailkatzen dituzte eta kolore bakoitza puntu ezberdin batetik ateratzen da. Hamaikagarren kilometroan egiten dute bat kolore guztiek. Goizeko zazpietarako irteera puntura joan behar da eta oso luze egiten da korrika hasi arteko denbora. Hotz egiten du, horregatik jendeak arropa zaharrak ematen ditu soinean, irteera emandakoan botatzeko modukoak. Arropa hori guztia behartsuen artean banatzen dute. Izena ematea garestia da, baina antolakuntza ere oso ona da”, azaldu du.
 
Gogorra eta ederra
“Oso maratoi gogorra da New York-ekoa. Hasi bezain laster aldapa luzea igo behar da eta bukaera aldera ere aldapatsua da. Gainera, lurzorua ez da oso egoera onean egoten. Neguan hotz handia egiten du eta udan berriz, bero zakarra, horren eraginez, lurra pitzatzen joaten da eta ez da batere erosoa korrika egiteko. Bestalde, giroa izugarria da, jendea etengabe animatzen aritzen da.  Gogoan dut lehen zubia gurutzatu eta Brooklyn auzoan sartu ginenean sentitutako emozioa. Jende pila zegoen bide-bazterretan eta musika taldeak ageri ziren edonon, zuzenean jotzen. Gospel talde bat ere ikusi nuen, korrikalariei abestuz. Izugarria izan zen”, dio Joxeanek.
Oso denbora ona egin zuen Joxeanek New Yorken: “Hiru ordu eta hamar minutuko denbora egiteko asmoa nuen. Maratoiko egunean, ordea, gorputzaldi onean nengoela sentitu nuen eta hiru orduko erritmora ibiltzea erabaki nuen. 2 ordu eta 59 minutuko denboran egin nuen eta oso pozik geratu nintzen egindakoarekin”.

Donostiakoa ere bai
Etxera itzuli eta oso egun gutxira Behobia eta Donostia arteko lasterketa egin zuen Joxeanek: “Artean ondo errekuperatu gabe nengoen, baina egitea erabaki nuen. Lasterketa gogorra da, baina gustura egin nuen. Handik hiru astera, Donostiako maratoian parte hartzea erabaki nuen. Beste bi aldiz egina nuen eta denbora hobetu nahi nuen, hiru ordutik jaitsiz. Ibilbide erosoa du eta egingo nuela uste nuen, baina nekea nabaritu nuen, eta hiru ordutan egin nuen”.
Kirol urte borobila egin du Joxeanek. “Txirrindularitza oso gustuko dut eta Quebrantahuesos lasterketa egin nuen ekainean. Gorpuzkera handia daukat eta erosoago ibiltzen naiz bizikletaz, korrika baino. Quebrantahuesos egin ondoren hasi nintzen maratoia prestatzen, astean hiru egunetan saioak eginez. Piraguan ibiltzea ere gustuko dut eta Sellako jaitsiera egin nuen aurten, bi ilobekin. Beti izan naiz kirolzalea eta horrela jarraitu nahi nuke”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!