Zizurkilgo udalak pilotalekua berritzeko erabiliko du Espainiako gobernu zentralak emandako finantzazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 26a, 10:30

Zizurkilgo Udalak Intxaur Pilotalekuaren aldaketarako proiektu bat aurkeztuko du Gobernu zentralak enplegua sortarazten duten udal-inbertsioak sustatzeko sortu duen Tokiko Inbertsio Funtsaren bitartez finantzatzeko. Obra honen kostua handia izan zen datorren urteko aurrekontuetan sartzea eragotzi zuena, baina estatuko administrazioak emandako laguntzekin lanak gauzatu ahal izango dira azkenean.


Hobekuntza lan hauekin luzaroan itxarondako aldaketa gauzatuta ikusiko dela dio Udalak, prentsa oharrean:
"Proiektu honek Intxaur Pilotalekuaren kirol ekipamenduan birmoldaketa itzela egitea aurreikusten du, eta gauzak horrela, irudi berria eta erosotasun gehiago izango ditu aurrerantzean. Burutuko diren lanen artean aipatzekoa da, besteak beste, estalkiaren edota harmailetako eta sarreretako material estalgarriaren ordezkatzea. Gainera, Udalak pilotalekuaren aurrealdea eta alboak itxiko ditu are gehiago babesteko.

Ekimenaren barruan jasotzen da baita pilotalekuko hormak produktu egokiekin tratatzea, egitura metalikoa babestea, argiteria areagotzea eta barrualdea pintatzea.

Bestalde, eta betiere finantzaketaren azken kopuruaren arabera, bestelako hobekuntzak egitea ere proposatu da, esaterako, harmailen estaldura egitea, egungo barandak aldatzea eta kantxara joateko arrapala hobetzea.

Jarduketa garrantzitsu honek pilotalekuaren erabateko aldaketa ekarriko du, eta, era horretan, zizurkildarrek gaur egun dituzten beharretara egokituko da. Gobernu Taldeak herriarentzat interes handiko jarduketatzat jotzen zuen hirigintzako ekimen hau, baina bere kostu handia zela eta, ezin izan zen datorren urteko aurrekontuetan sartu. Madrileko Gobernutik 500.000 euro inguru lortzeko aukerak egin du proiektu honen alde berriro apustu egiteko bidea.

Aipaturiko finantzaketa lortzeko jardunbideak hainbat urrats ematea eskatzen du. Horietako lehena, eta Udalak beteko duena da, proiektua urtarrilaren 24a baino lehen aurkeztea. Hurrengo hamar egunetan dokumentazioa aztertuko da, eta beste hamar egunetan baimena emango zaio. Orduan, Udalak adjudikazioa lizitatu beharko du, betiere baimena jaso eta hilabete baino gutxiagoko epean.

Adjudikazioaren unean, Zizurkilgo Udalak birmoldaketa honen guztizko finantzaketaren % 70a jasoko du estatuko diru-kutxatik, eta lanak amaitutakoan entregatuko da gainerako % 30a. Gobernu Taldeak ahalegin itzela egin du proiektu hau aurkezteko, kontuan izanik oso denbora gutxi zuela hori egiteko, baina erabat ziur dago jarduketa garrantzitsua eta beharrezkoa dela Zizurkilgo herriarentzako".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!