Kontzientziak piztuz
Hutsunea Betez emakume taldeak herrian zegoen hutsunea bete duela azaldu zuen Imanol Rodriguez elkarteko kide eta sariaren antolatzaileetako batek. “Kontzientziak piztea ez da batere lan erraza gaur egungo gure gizarte indibidualista honetan. Gure ustez, Hutsunea Betez taldeak helburu hori bete du. Emakumearen diskriminazioa arlo askotan ikus dezakegu: soldatetan dagoen ezberdintasunean, publizitatean emakumearen erabileran objektu sexual bezala, etxeko lanak ez elkarbanatzean, emakumearen aurkako indarkerian eta beste hainbat arlotan. Egoera horren salaketa publikoa egiten duen eta egoera horietan bizi diren emakumeei laguntza ematen dien talde bat egotea erabat funtsezkoa iruditzen zaigu”. 2008 urtean, Hutsunea Betez taldeak berdintasun bilaketa horretan oso lan polita, interesagarria eta emankorra egin duela iritzi diote Irrintziko kideek, haziak erein dituztela eta fruituak ikusten hasi direla. “Lan hori aitortu egin nahi dugu eta ahal badugu, bultzada txiki eta apala eman. Hutsuneak betetzeagatik, 2008 urteko Irrintzi Saria merezimendu osoz zuentzat da”. Peti Alvarez-ek jaso zuen egun horretarako elkartekideek prestatutako oroigarria Imanol Rodriguezen eskutik, gerturatutakoen txalo artean.
Esker oneko eta pozik
Hutsunea Betez emakume taldea oso pozik agertu zen saria jaso ostean. Peti Alvarez-ek berak hartu zuen hitza gainerako taldekideen izenean, “poz handia eman digu saria jasotzeak eta lehenengo ediziorako aukeratuak izan garela jakiteak. Sariak lanean aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Gure beharrak lantzeko espazioa behar dugu eta emakume nahiz gizon, guztiei egiten diegu gurekin parte hartzeko deia”. Irrintzi elkarteari eskerrak eman zizkioten herrian horrenbeste ekintza antolatzeagatik, “Villabonako labela izateagatik”. Bihotzez eskerrak emanda amaitu zuen Petik. Ekitaldiaren ondoren, Irrintziko kideek prestatutako bazkaria izan zen elkartean.