Krisiaren Eguberriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 20a, 15:00

Merkatariei galdezka: 

1  Krisiaren eraginik nabaritu al duzue?   
2  Ze aurreikuspen egiten duzue Eguberrietarako?    
3  Zer saltzen da bereziki Eguberrietan?

Karmele Erdozia
Goya harategia. Urnieta

  • 1.    Nabaritzen da bai. Berrogeita zortzi urte ditu denda honek, eta ikusten ari gara ohituren aldaketa. Gurea bezalako harategietara jendea etortzen da zerbait berezia nahi duenean, baina egunerokorako supermerkatuetara joaten da. Produktu onari baino gehiago begiratzen zaio prezioari.
  • 2.    Pentsatzen dugu aurten gutxiago salduko dugula, baina ez dakigu. Jendeak azken ordurako uzten baititu erosketak, ia ez da aurretikako eskaerarik egiten.
  • 3.    Txuletak, arkumea, txerrikumea. Azpizunarekin arazoak izaten ditugu, etxekoa bakarrik saltzen baitugu. Txekor bakoitzak bi besterik ez dituenez, miraririk ezin dugu egin.

 

Patxi Etxeberria
Super Amara, arrandegia. Andoain

  • 1.    Bost urte dira hemen gaudela, eta momentuz ez dugu horrelako beherakada handirik nabaritu.
  • 2.    Beste urtetan garai honetarako Eguberrietarako erreserba gehiago eginak izaten genituen. Aurten konturatu gara azkeneko momentura arte begiratzen dabiltzala. Baina, salmenta onak izatea espero dugu, aurretik eta ondoren jendeak asko begiratzen dio prezioari, baina egun horietan ez horrenbeste.
  • 3.    Normalean, legatza, xapoa, bisiguak, baina ehuneko berrogeita hamarra legatza izaten da. Bakarren batek angulen prezioa ere galdetzen du, baina gero ez dira erostera etortzen. Gutxi eta oso garesti baitago.

J.Antonio Aranburu
Joxean harategia.  Zizurkil

  • 1.    Sei urte dira harategia ireki genuela eta oraindik ez dugu nabaritu krisirik. Baina lehenago soinua bakarrik entzuten genuen, eta orain tailer asko ixten ari direla ikusten dugu. Gero eta gertuago sentitzen dugu.
  • 2.    Salmenta onak izatea espero dugu. Baina beldurra ematen du, jendeak diruari gero eta gehiago begiratzen baitio. Guk kalitatearen aldeko apustua egiten dugu, eta bertako haragia, arkumeak, arrautzak, eztia eta abar saltzen ditugu, eta egia esan bezero oso fidelak ditugu.
  • 3.    Txuleta, azpizuna eta arkumea dira Eguberrietako erregeak. Eta gero urdaiazpiko eta pate onak ere ondo saltzen dira.

Maite Balerdi
Garayar arrandegia. Villabona

  • 1.    Gu aspaldikoak gara hemen, Villabonako arrandegirik zaharrena gara, hirurogeita hamar urtetik gora ditu gure arrandegiak, eta zorionez oraindik ez dugu nabaritu krisirik. Baina hemen ere horretaz asko hitz egiten da bai.
  • 2.    Espero dugu aurreko urteetako salmentak bere horretan mantentzea. Orain arte ikusi duguna urteroko modukoa da, eta batzuk jadanik  hasi dira Eguberritako eskaerak egiten.
  • 3.    Denetik saltzen da Eguberrietan, marisko asko, langostinoak, legatza, bisigua, erreboiloa, almejak eta abar. Angulak ere bai, seiehun euro inguruan dabiltza aurten, eta  askorik ez, baina zerbait salduko dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!