Mikel Izagirre: “Zorionak herri osoaren izenean”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 18a, 18:45

Urnietako Udala izan da Marizulo ikuskizunaren babesle nagusia. Horrez gain, Mikel Izagirre alkateak parte hartze zuzena izan du ikuskizunean. Behin hiru emanaldiak igarota, bere iritzia jaso du Aiurrik. 

Hiru emanaldiak burutu ondoren, zein da zure balorazioa?
Mikel Izagirre: Lehenik, zorionak eman nahi dizkiet parte hartzaileei herri guztiaren izenean. Eta ondoren, esan nahi dudana da, duela urtebete, antolaketan dabilen hirukoteak lan hau aurreneko aldiz aurkeztu zigutenean, ezin hobeto adierazi zizkigutela ikuskizun honen nondik norakoak. Horrek izugarrizko entusiasmoa sortu zuen gugan, eta esan behar dut agintari moduan genituen aurreikuspen guztiak, goitik behera bete egin direla. Hasieratik garbi ikusi genuen kultur ekitaldi anitza izango zela, eta hori erdiz-erdi bete da. Urnietak, aspaldian izan zuen antzerkiarekiko lotura hori berreskuratzeko, eta kultura mailan bide berri bat egiteko hasiera ezin hobea izan da. Orain ikusiko dugu zer jarraipen emateko gai garen.

Eta ikusleen erantzunarekin?
M.I. Iritziak arrunt positiboak izan dira. Detailetxo bat, ikuskizunean izan den ia 90 urteko aiton batek, oso motza egin zaiola esaten duenean, eta bere gaztetako oroitzapenak gogora ekarri dizkiola esatearekin, nik uste dut nahikoa dela, lan ona egin dela garbi geratzeko. Adineko pertsonek, inork baino gehiago gozatu dute, eta beraiek buruan zuten Urnietaren irudi hori errekuperatzea lortu da. Gazteei berriz, herriaren historia ezagutzeko balio izan die, eta transmisio hori lortzea oso polita da.

Eta, orain zer?
M.I. Gure nahia izango litzateke beste emanaldiren bat eskaintzea denbora asko baino lehen. Hurrengo egunotan ikusiko dugu gauzak nola dauden eta zer egin genezakeen. Ikuskizun hau planteatu zen garaian, nik, honentzako toki egokia bezala, herriko plaza ikusten nuen, eta orain ere berdin ikusten jarraitzen dut. Badakit, hori egi bihurtzeko beste baliabide batzuk behar direla, beste ekitaldi indartsuago bat, beste zabalkunde bat, baina helburua horixe izango litzateke. Lortuko al da? Ez dakit. Nahiago horrela izango balitz. Urrats garrantzitsua izango litzateke Urnietako kultur jardunean. Lehenago,  “Egi billa” taldea izan genuen herrian, eta orain “egi bihurtze” taldea beharko genuke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!