Marizulo: Balorazioak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 18a, 18:44

David Rosco: “Emanaldiak, urduritasun pixka batekin baina oso pozik bizi izan ditut. Gainerako aktoreekin gustura aritu naiz, eta haiengandik asko ikasi dut. Askok, profesional moduan ere lan egin dezakete. Antzerkiak pisu handia izan du lan honetan, ikusleek barre eta negar egin dute. Musika ere asko gustatu  zaie”.

Amaia Martin: “Oso pozik nago, beste antzeko proposamenen bat eginez gero ez nuke pentsatu ere egingo, baiezkoa emango nuke. Giro mundiala egon da, talde giro polita sortu da. Oso polita geratu da ikuskizunaren hiru atalak elkartuta. Jendeari gustatuko zitzaiola pentsatzen nuen, baina ez horrelako  arrakastarik izango zuenik”.

Arantxa Miguezen hitzak dira, “Kasualitatez, Urnietan jaioa naiz, eta duela 13 urte berriro etorri nintzen hona bizitzera. 42 urte ditut, eta garbi dut nire etorkizuna Urnietan dagoela, eta horrexegatik egin dut lan hau. Duela urte bat antzerki tailer batean hasi nintzen, baina orain arte ez nuen ia ezer egin. Oso gauza politak esan dizkidate ikusleek, gehien inpresionatu nauena izan da, jendea ni besarkatu eta negarrez hasten zela. Jende askok galdetu dit aktorea al naizen, eta ezetz erantzundakoan, horretara dedikatu beharko nukeela esaten zidaten. Oso pozik eta hunkituta nago”.

Gentzane Belaustegigoitia.Umetan, ikastetxean egin nuen antzerkia, eta orain urtebete, lantokian ere egin genuen antzerkitxo bat. 13 urte daramatzat Urnietan bizitzen, eta gehien gustatu  zaidana taldeko giro zoragarria izan da. Jende asko hurbildu zait zoriontzeko, batzuk hunkituta. Hantzeko lanen batean parte hartzeko prest nago.

Koruko Zurutuza.Antzerkia egin dudan  lehen aldia izan da. Ipuin kontalari moduan ibiltzen naiz, eta publiko aurrean betidanik egon naiz. Esperientzi hau oso polita izan da, historia ederra iruditu zait. Gure artean primeran pasa dugu, eta jendea hunkituta ikusi dut. Prest egongo nintzateke beste lanen batean parte hartzeko.

Aitor Amezaga, ikuskizuneko musika zuzendaria: “Duela 15 egun eszenarioa nola jarri erabakitzen ari ginen. Zer muntaia izan den kontutan izanik, eta dena hain ondo lotuta geratu dela ikusita, miraria izan da. Ez nuke musika bakarrik azpimarratuko, ikusi baititut, aktoreek eta dantzariek zer nolako maitasunarekin lan egin duten. Emanaldien ondoren, ikusleek eta parte hartzaileek bat egiten zuten, ez dut inon ikusi horrelako elkartasunik. 30 urteetan lan asko egin ditut, telebistarako eta abar, baina horrelako zerbait egin dudan lehen aldia da, eta dagoeneko azaltzen ari naiz nolako ikuskina prestatu duten urnietar batzuk, gainontzeko herritarrei oparitzeko”.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!