Marizulo, urte luzez gogoratuko den ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 18a, 18:41

Abenduren 11, 12 eta 13ko emanaldien arrakasta dela eta, datorren urtarrilaren 10ean, larunbatarekin, Marizulo ikuskizunaren bi emanaldi berri izango dira Saroben.
Lehenengoa, arratsaldeko 16:30ean, eta bigarrena arratsaldeko 19:00tan. Sarrerak, urtarrilaren zazpian jarriko dira salgai, bi euroko prezioan. Bestalde, datorren asteleheneko (abenduak 22) ETBko postdata saioa (eguerdiko eta gaueko "Gaur egun" albistegiaren ondoren) Marizulori eskainia izango da.

"Balorazio positiboa izan da" | Irudi-bideo muntaia | Argazkiak
Balorazioak | Mikel Izagirre | Iritzia: Jon Unanue

Hilabeteetan zain egon ondoren, iritsi zen eguna, iritsi zen ordua, oihala altxatu zen, eta Marizulo ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten urnietarrek. Osteguneko aurre-estreinaldian, parte hartzaileen famili artekoak izan ziren Saroben. Ostirala eta larunbateko emanaldietan, antzokia adin guztietako herritarrez goraino bete zen eta emanaldiak arrakastatsuak izan ziren.

Juan Agirre Sorondok idatzitako gidoiarekin, Txanbolin Txistulari Bandaren ekimenez antolatu, eta Udaleko Kultura Sailak diruz lagundu duen Marizulo ikuskizuna, jendaurrean eskaini zen pasa den ostegunean, ostiralean eta larunbatean Saroben. Arrakasta handia lortu duten emanaldi hauek, hirurogeita hamar lagunek (ia guztiak urnietarrak) azken hilabeteetan ereindako haziaren fruitua izan dira. Aurre-salmentako sarrerak berehala agortuta, izan zen orduak leihatilaren aurrean egin zuenik azken ordukoak lortzeko.

URDURITASUNA
Saioen aurretik, urduritasuna nabari zen parte hartzaileen artean, askok lehen aldiz antzezten baitzuten jendaurrean. Gogotsu aritu ziren, azken uneko detailetxoak lotu, eta azken entseguko akats txikiak zuzentzen. Mikel Agirregomezkortak, ez zuen lan makala egin, bere esanetara zuen aktore taldea lasaitu, eta behar zen energia eta tenple guztiarekin taularatzea lortzeko.
Biolinaren musikak eman zion hasiera emanaldiari. Jarrian, Arantza Miguez, David Rosco eta Amaia Martin, hiru aktore protagonistak eszenaratzeko. Handik aurrera, labur egin zen ordu eta erdiko saioan, antzerkia, dantza, eta musika ondo olioztatutako makina baten moduan jardun ziren. Agerian utziaz, hiru atalak uztartu daitezkeela, eta aldi berean, ikuskizun eder bezain hunkigarria eskaini.

URNIETAKO HISTORIA
Urnietako historiari lotutako pasarteetan oinarritutako istorioak dira Marizuloren oinarria. Duela 5.300 urteko lehen urnietarra; Erdi aroko azoka, inkisidorearen bisita eta guzti; Liberalek 1937an Urnietan egindako triskantza; 1886ko Lore jokoak; edota Lasarteko zirkuituan, edo XX. Mendeko auto karrerak, besteak beste. Bereziki hunkigarria izan zen, amaiera aldera, musikariak zuzenean interpretatutako, eta Egape dantza taldeak dantzatutako “Urnietako doinua”. Ikusle eta parte hartzaile askok larruan oilo ipurdia jarrita entzun zuten.

ZIRRARA ETA LILURA
Bukaeran, ikusleek eta parte hartzaileek, txalo zaparrada handi bezain hunkigarri batekin agurtu zuten elkar. Emanaldien ondoren, ohikoak izan dira sentimenduz beteriko besarkada beroak, eta emozioari ezin eutsirik zeudenen malkoak. Hiru egunetan antzokia lepo bete zuten herritarrek gustura atera ziren, ikuskizunak eskainitakoarekin. Irteeran, ikusle guztiak bat zetozen ikuskizunaren maila azpimarratzerakoan. Askok adierazi zuten emanaldian sentitutako zirrara eta lilura.

AFARIA
Eta larunbatean, lanak amaituta, guztiek elkarrekin Oianume jatetxean afaldu zuten. Bertan, elkartasunezko giro ederra nagusitu zen. Goizaldera arte luzatu zen afalostean, hiru egunetan bizitutako urduritasunak alde batera utzi, eta musika, bertsoak, kantuak eta dantzak osaturiko festa paregabeaz gozatu ahal izan zuten. Bertako festa giroan, ospatu zen “Mieltxo” sarien lehenengo edizioa ere, baina horretaz gehiago Aiurri astekariaren hurrengo zenbakian.

ETA ORAIN ZER?
Hori galdetzen du urnietar askok. Oraindik ez dago ezer erabakirik, baina, kontutan izanik, ikustera joango litzatekeen jende asko geratu zela sarrerarik lortzeko aukerarik gabe; eta ikustera joandako beste hainbat herritarrek, berriro joateko agertu duten nahia kontuan izanik, garbi dago beste emanaldi pare bat eskaintzeko baldintza guztiak betetzen direla.
Memoria selektiboa izaten da. Nahi duena atxikitzen du gogoan. Eta gehienetan, nola ez, memento goxoak nahiago. Eta egun hauetan herritarrek izandako erreakzioa ikusita, esan liteke hori gertatuko dela Marizulo ikuskizunarekin ere, alegia, urnietarrek beren memorian gordeko dutela urte luzez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!