Antzinako euskal jantziak berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 19:33

Azken urteotan aldaketa handia ikusi da euskal jantziei dagokienez.
Jantzi beltzek izan zuten protagonismoa frankismo ondorengo hamarkadetan, baina gaur egun, antzinako euskal jantziak berreskuratzeko ahalegin handia egiten ari dira.

Pilar Beñaran eta Yumma Ariztela ahalegin horretan murgildu dira azken urteotan. Izatez villabonatarrak, Oiartzunen bizi dira ama-alabak eta euskal jantziak egiten aritzen dira. “Orain Yummak hartu du lanaren ardura. Euskal jantziak egiten ditu eta liozko oihalak erabiliz etxe barruko dekorazioan ere aritzen da. Artisautza, eskulanean aritzea gustatzen zaigu bioi eta badira urte batzuk lan honetan murgildu ginela. Euskal jantziak egitea oso aberasgarria da gure historia ezagutzeko bidea ematen duelako: lanbideak, maila sozial ezberdinak, egoera politiko zein ekonomikoak, garai bakoitzeko industrializazio maila...,”, esan du Pilarrek.

Bilaketa eta ikerketa lana
Dantza taldeen eskutik iritsi zen euskal jantzien berreskuraketa lana: “Herri ezberdinetako dantza taldeak hasi ziren lehendabiziko ikerketak egiten. Betiko jantzi beltzak utzi, eta antzinako euskal jantziak berreskuratzeko lana martxan jarri zuten. Oso lan politak egiten dituzte jantzi mota ezberdinak berreskuratzen. Badira euskal jantzien inguruko informazioa biltzen duten liburuak. Ane Albisuk idatzitako Atondu liburuak, esaterako, oso erreferentzia onak biltzen ditu. Behin berreskuraketa lanak eginda, eta erreferentziak hartuta, oihal egokiak bilatzen dago lanik zailena. Nire ustez, norberaren gorputzera egokitutako jantzia egiten hasita, oso garrantzitsua da detaileak kontuan hartzea eta horretan, materiala zaintzea ezinbestekoa da. Jantzia egiteak lan handia eskatzen du eta oihal sintetikoak erabiltzea pena dela iruditzen zait. Gaur egun, asko mugitu beharra dago oihalak, puntillak eta bestelakoak bilatu ahal izateko. Prezio onean erosi ahal izateko, kantitate izugarriak erosi behar dira, eta artisautzan gabiltzanontzat ezinezkoa da hori, horregatik ibili behar dugu batetik bestera, material egokia bilatu ahal izateko”, azaldu du. “Euskal jantziak egiten dituzten enpresak badira eta egia da itxura ondo zaintzen dutela, baina prezio merkeagoan atera ahal izateko, oihal sintetikoak erabiltzen dituzte. Politak geratzen dira, baina nik nahiago dut materiala ondo zaintzea”, gaineratu du.
Oso gustura aritzen dira lanean Pilar eta Yumma: “Nik erretiroa hartu eta Yummak eutsi dio lanaren ardurari. Eskulanak izugarri gustatzen zaizkio eta lan honek badu sorkuntza puntu handia ere. Jantzi bereziak, gorputzaren neurrira egokituta egitea erabaki genuen. Eskuz egiten ditugu, garai batean egiten ziren moduan. Gogoan dut nire amona nola egoten zen, leihoaren ondoan eserita, gonak eta blusak egiten, josi eta josi. Guk ere oso makina gutxi erabiltzen dugu. Bistara geratzen den guztia eskuz egiten da, eta izkutuan geratuko diren zati batzuetan bakarrik erabiltzen dugu josteko makina”, azaldu du.

Garai bakoitzari bere jantzia
“Duela urte batzuk nagusitu ziren euskal jantziak, gona eta alkandora beltz punttu zuridunak, garai bateko emakume baserritarrek lanerako erabiltzen zituztenak ziren. Gaur egun aukera askoz ere zabalagoa da. Euskal jantzi berri bat egiteko garaian argi izan behar da zein garai eta maila sozialekoa nahi den. Gaur egungo arropak ez du maila sozial edo ekonomikoa horrenbeste nabarmentzen, baina garai batean bai. Ez zen berdin janzten Donostiako neskatila aberatsa edo baserriko etxekoandrea. Jantzi berria egin nahi duenak argi izan behar du hori guztia. Esaterako, jantziei izugarrizko puntillak jartzeko ohitura dago, baina garai batean oso jende gutxik eramaten zituen horrelako puntillak. Ingalaterra edo Frantziatik ekartzen ziren eta horiek aberatsek bakarrik eros zitzaketen. Baserrietako emakumeak beltzez jantzita irudikatzen ditugu baina haiek ere oso apain jartzen ziren mezatara joateko. Negurako jantzi bat izaten zuten eta udarako beste bat. Normalean, euskal jantzia egin nahi duenak ideia bat ekartzen du buruan, argi izaten dute jantzi dotorea nahi duten edo ez. Hortik aurrera, egindako jantziak edo argazkiak ikusiz, askoz ere garbiago izaten dute zer nahi duten”, azaldu du.
XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako jantziak dira gehienetan erreferentzia gisa hartzen direnak: “Atzerago ere jotzen da. 1700 eta 1800 garaiko jantziak egin izan dira. Horiek egiteko kontuan hartu beharra dago garai hartan hariak nola egiten ziren, komertzioa nondik nora egiten zen, bertan egiten zen hari eta oihala nolakoa zen... Baserri askotan lioa ereiten zen garai batean eta oihalak ere egiten zituzten. Yummak asko sakondu du gai horretan”, dio.

Oihal metro asko
Lan handia eskatzen du euskal jantzi bat egiteak: “Gizonezkoen jantziak ez ditu horrenbeste janzki izaten, baina emakumea goitik behera janzteko, hamar bat janzki behar izaten da: pololoak, azpiko gona, gona, mantala, azpiko kamiseta, blusa, txalekoa, txaketa, bizkarreko zapia, buruko zapia..., beti ere aukeratzen den jantziaren arabera. Hori guztia egiteak lan handia eskatzen du eta gainera, oihal asko behar izaten da. Ondo egindako gona batek buelo handi hartu behar du eta horretarako, oihal asko behar da. Garai bateko gonak horrelakoak izaten ziren. Dantzan ari direnean, gonaren jokaerak erakusten du ondo egina dagoen ala ez. Jantzi berria egitera doan norbaiti bereziki horixe zaintzeko esango nioke”, azaldu du Pilarrek.
Garai bateko arropetan jartzen ziren apaingarriak ere kontuan hartzen dituzte: “Orduan jartzen ziren apaingarri asko hautsiak tapatzeko izaten ziren. Gonaren azpialdea zirpiltzen zenean ertz berria jartzen zieten, edo haurra hazten zenean, azpialdean beste kolore bateko oihal bat eransten zieten eta gonak berri itxura hartzen zuen”. “Praktikotasuna oso garrantzitsua zen. Gizonezkoek, oinetatik hasi eta belaunetaraino, galtzaren gainetik mantarrak janzten zituzten, galtzerdi modukoak. Busti edo zikinduz gero, ez zegoen galtza osoa garbitu beharrik, mantarrak aldatu eta lixto!”, gaineratu du.
Eguberri garaian jantzi asko egiten dituzte Yummak eta Pilarrek: “Jendeak geroz eta gehiago zaintzen du eta hori nabaritu egiten da, bai Eguberrietan, baita udako euskal jaietan ere. Mota honetako jantzia egitea ez da merkea, baina urte askotarako inbertsioa da eta jendeari gustatu egiten zaio. Oso ondo landutako jantziak ikusten dira, zainduak eta garai batean egiten zena errespetatzen dutenak”.

Txaketak eta txalekoak
Jostun eta sastreek egindako txaketak erabiltzen zituzten garai bateko euskaldunek: “Gaur egun galtzen ari da, baina garai batean sastreek egiten zituzten txaketa eta galtza gehienak. Oso txaketa dotoreak erabiltzen zituzten, bai gizonek, baita emakumeek ere”.
Emakumezkoen txalekoak ere dotoreak izaten ziren. “Neurri batean. gorputza babestu eta berotzen zuen, baina funtzio estetikoa ere betetzen zuen. Emakumearen gorputza eutsi eta liraindu egiten zuen. Erretratu zaharretan argi ikusten da txalekoak nola liraintzen zuen emakumearen gorputza”.

Kolore biziak
Euskal jantzi tradizionaletan erabiltzen ziren koloreei dagokienez, gaur egun uste baino askoz ere kolore biziagoak janzten zituzten. “36ko Gerraren ondoren jantzi ilunak nagusitu ziren, arropak geroago hartzen zuelako zikin edo zahar itxura. Baina gerra aurretik, kolore biziak nagusitzen ziren Euskal Herri osoan zehar. Gorriak, urdin edo orlegi biziak... Garai hartako erretratu zaharrak txuri beltzekoak dira eta zaila egiten zaigu koloreak irudikatzea, baina bizi-bizi janzten ziren”, dio Pilarrek. 
14 urterekin, Subijanan hasi zen lanean Pilar Beñaran: “Goizean josten ikastera joaten nitzen eta arratsaldean lanera. Estanpatuak egiten hasi nintzen Subijnan. Mende hasieran egiten ziren estanpatuen moldeak hantxe ikusten nituen, bazterrean botata. Orain haiek eskura izango bagenitu..., Estanpatuak ez ezik, kalitate hartako oihalak bilatzea ere ez da batere erraza”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!