Negu garaiko jaki preziatua

Andoaingo Bertxin etxean jaio zen Maritxu Jauregi baina, Adunan bizi da txikitatik. Kultur Asteko Txerri-bodan odolkiak egiten aritu ez ezik, Aiurriko irakurleei ere nola prestatzen diren azaldu die.

Gazte-gaztetxotan hasita, odolki asko egindakoa zara…
Hamabi urte nituenetik, urtero hazi eta hil izan dugu txerria gure etxean, azken bi urte hauetan izan ezik. Noizbait piper gehiegitxo edo gatza gutxitxo bota arren, odolki txarrak ateratzea oso zaila da, ezinezkoa ia.

Kultur Astean, Txerri-bodan, odolkigile aritu zinen. Zer moduz?
Txerri-bodarako odolkiak egiteko deitu nindutenean animatu egin nintzen eta oso gustura aritu nintzen gainerako herritarrekin batera. Ehun odolki baino gehiago egin genituen baina, jende dezente gerturatu zenez, guztiak jan ziren.  Oso egun polita izan zen guretzat.

Zein da odolki goxoak egiteko sekretua?
Lehenik eta behin, ontzi eder batean ondo egosi behar da tipula; tipula ona. Txikitu eta poliki-poliki egin behar da, oliorik gabe, bere horretan. Tipula hezea da eta bere gisara egosten da, laster ugaritzen zaio salda. Baina, erre ez dadin, kontu handiz zaindu behar da, dezentetan ondo nahastuz. Ordu batzuk behar ditu lasai-lasai egiteko.

Zein osagai gehitzen zaio gero tipulari?
Tipulari gehitzeko ongarria behar da: gizena edo manteka, perrexila, porrua eta gindilla gisako piper gorria. Pinpoxa esaten diogun piper txiki pixka bat ere gehitu izan diogu gure etxean. Eta espezie gisa, klaboa, anisa eta kanela erabili izan dugu beti. Klaboa eta kanela batik bat. Orain prestatutako nahasketa erabiltzen dute gehien; nik ez dakit seguru zein espezie nahasten dituzten. Osagai horiei guztiei txerriaren odola gehitzen zaio gero. Txerri bakoitzak hiru edo lau litro odol izaten du. Odolki asko egiteko, ordea, odola baino gehiago, osagai asko behar izaten da.

Behin nahasketa eginda, zein da hurrengo pausoa?
Lehengo modu zaharrean behintzat, enbutu txikiekin odolki-gaia hesteetan sartzea. Odolki onak egiteko, oso garrantzitsua da hesteak freskoak izatea. Oso erraza da odolkiak egitea baina, ondo asmatu behar da odolkiak lotzerakoan eta egosterakoan.

Odolkiak egosteak ba al du misteriorik?
Lehen egosialdian, ontzian sartu eta atera egin behar dira odolkiak. Gero, porru hosto handi dezente bota behar da ontzira, azpialdean oinarri sendoa egin dezaten. Modu horretan, azpian erantsi gabe, ederki egosten dira odolkiak.

Beste sekreturik azalduko al zenuke?
Odolkiak egitean, kontu handia behar da heste barneko grasarekin. Odolkiari ezin dakioke heste barneko mantekarik bota; pilota txiki batzuk izaten dira baina haizea dutenez, egostean, lehertarazi egiten dute odolkia. Odolkiak egitean, “kontuz, heste-barrengorik ez bota”, esaten dut beti.  Andoaingo Sergio Urkia txerri-hiltzailearen gomendioak entzundaikasi nuen odolkiak egiten. Amak hari entzuteko esaten zidan beti.

Txerria hazteak lan handia du, ezta?
Lan handia, bai. Azken bi urte hauetan horregatik ez dugu txerririk izan etxean. Izugarrizko txerriak hazten genituen lehen: ehun kilotik gorakoak. Dudarik gabe, txerria ondo zaindu behar da: egunero jaten eman eta azpiak atera behar zaizkio. Laster hasten da marruka bestela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!