Enara Treku, eskulangile trebea

Duela zortzi urte hasi zen Enara Treku larrauldarra eskulanetan. Egur-taila ikasten eman zituen lehen pausoak eta gaur egun, koadroak margotzen ere aritzen da.

Kultur Astearen baitan egindako Azoka berezian postua jarri zuen Enara Trekuk: “Nire helburua ez da egiten dudana saltzea, ez naiz eskulanetatik bizi. Gustuko dut eskulan ezberdinak egitea eta herrian azoka egiteko asmoa zegoela jakin nuenean, parte hartzea erabaki nuen, baina ez dut lan bezala hartu nahi”, aipatu du Enarak.
Herrian bertan antolatutako egur taila ikastaroak eman zion eskulanetan hasteko bidea: “Aitonak bazituen etxean tresna ezberdinak eta ikastaroa antolatu zela jakin nuenean, izena ematea erabaki nuen. Lau urte eman nituen egur taila ikasten, Larraulen lehendabizi eta Villabona gero. Oso gustura aritu nintzen. Aitonak aulkientzako azpiak egiteko erabiltzen zituen tresnekin hasi nintzen”. “Egur taila amaituta, margotzen hasi nintzen. Alkizan antolatutako ikastaro batean eman nituen lehendabiziko pausoak. Olivia Sanchez izan nuen irakasle eta gaur egun ere Tolosan duen dendara joaten naiz ikastera. Astean bi orduz aritzen naiz bererakin eta etxean nahikoa denbora eskaintzen diot pinturari”, gaineratu du.
Batez ere, paisaiak margotzea gustatzen zaio Enarari: “Itsasoa, paisaiak, bodegoiak..., horrelakoak margotzen ditut normalean. Egurra, lienzoa..., denetariko materiala erabiltzen dut margotzeko garaian. Gustuko laminak aukeratu eta haiek margotzen saiatzen naiz. Koadroren bat gustatzen zaidanean argazkia ateratzen diot modeloa edukitzeko. Azken bolada honetan abstraktoren bat egiten ere hasi naiz, baina gutxiago”.

Aukera zabala
Eskulanak egiten aritu den urte hauetan material asko sortu du Enarak: “Lanak sortuta zeuden eta azokan postua jartzera animatu nintzen. Denetik eraman nuen; hondarrez, oleoz edo gurutze puntadaz egindako koadroak, egur-tailak, margotutako egurra, marmitak... Eskulanetan aritzen zarenean, gustatuz gero, denetik egiteko aukera daukazu”.
Enararen etxean bada eskulanetarako trebetasuna duen kide gehiago ere: “Amari asko gustatzen zio jostea eta oso ondo egiten du gainera. Bataio edo jaunartzetarako jantzi ederrak egiten ditu. Amonari berriz puntua egitea izugarri gustatzen zaio eta oso gauza politak egiten ditu. Niri haria lantzea ez zait horrenbeste gustatzen, zaila iruditzen zait”, azaldu du.
Familiako kide eta lagunentzat egin izan ditu eskulanak Enarak: “Etxeko txoko ezberdinetan jartzeko koadro edo egur taila eskaerak egin izan dizkidate, eta horrelakoetan oso gustura egiten ditut. Azoka egunean zenbait eskaera jaso nuen eta denbora eta gogoa dudan bitartean, gustura egingo ditut, baina ez nuke derrigorrez egin beharreko zerbait izatera iristerik nahi”.
Eskulan ikastaroak ere eman izan ditu Enarak. “Bi urtez aritu nintzen Abaltzisketan. Larraulen bertan ere haurrentzako ikastaroa eskaini nuen. Asko gozatu nuen haurrei erakusten eta haiek ere gustura etorten ziren. Norberak eskuekin egindako lanak bukatuta ikusteak poz handia ematen du eta hori haurrengan ikustea polita da. Gainera, herriko haurrak izanik, ezagunak nituen eta giro polita sortu zen”, dio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!