Plazetako dantzari trebeak, Victoria Eugenia antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 19:23

Garai batean baserri eta plazetan egiten zen dantza modua berreskuratzeko asmoz, sei laguneko taldeak saioa eskaini zuen Donostiako Trikitixa Jaialdian. Bertan ziren Asteasuko Fruktuoso Tapia eta Lourdes Pagadizabal.

Herri eta auzoetako jaietan, plazetan eta baserrietan egiten zen dantza modua eskaini zuten azaroaren 22an Victoria Eugenia antzokian. Sasi Dantza deitzen diote garai bateko dantza egiteko modu horri. “Trikitilari elkartetik egin ziguten proposamena. Agurtzane Aizpuruak azaldu zidan ideia zein zen eta hasieran zalantza egin banuen ere, baiezkoa ematea erabaki nuen. Garai bateko plazetan egiten zen dantza mota taularatu nahi zuten eta guregana jo izana poza emateko modukoa izan zen”, azaldu du Lourdesek. Sei dantzarik osaturiko taldeak eskaini zuen saioa, tartean, Lourdes Pagadizabal eta Fruktuoso Tapia asteasuarrak. Lourdes eta Aitor Alkorta soinujoleek jarri zioten musika saioari.

Lau pieza taula gainean
Porrusalda, trikitixa, fandangoa eta arin-arina eskaini zituzten Donostiako jaialdian: “Dantza eskoletan ikasten den dantza modua eta gurea oso ezberdina da. Eskoletan ikasi dutenek pauso berdinak egiten dituzte. Guk plazetan, festetan ikasi genuen dantza egiten, eta bakoitzak bere modura egiten dugu. Jai eta erromerietan, besteei begira ikasi dugu eta norberak bere estilora egiten du”.
Sasi Dantza deitzen diote dantza egiteko modu horri. “Jendaurrean aritu baino lehen pare bat aldiz elkartu ginen taldekideak. Bakoitzak bere dantza egiteko modua zuen eta horrela mantentzea erabaki genuen. Pausoak bateratzen hasiz gero nahasteko arriskua izango genuela iruditu zitzaigun eta bakoitzak bere erara dantza egitea erabaki genuen. Ondo atera zitzaigun”, adierazi du Lourdesek.
Donostiako saioaren bezperan Getxon eskaini zuten dantza erakustaldia: “Oso ondo etorri zitzaigun Getxoko saioa. Jendaurrean aritzen ginen lehendabiziko aldia genuen eta ez da erraza taula gainera igo eta dantza egitea. Azaroaren 21ean Getxon aritu izanak lasaitasun pixka bat eman zigun Donostiarako. Urduritasuna ez zen guztiz desagertu baina lagungarria izan zen. Ikusleen artean lagunak, ezagunak eta etxekoak ere bagenituen eta horrek urduritasun pixka bat erantsi zigun, baina eskertzekoa ere izan zen”.
Harrera goxoa nabaritu zuten taldekideek: “Getxoko saioaren ondoren jende askok zoriondu gintuen, oso ondo egin genuela esanaz hurbildu zitzaigun jendea. Donostian ere txalo zaparrada handiak izan ziren. Askoren ustez, urte asko beharko dira aurtengoa bezalako Trikitixa Txapelketa osatua antolatzeko. Italia, Irlanda, Galizia eta Euskal Herriko probintzia ezberdinetatik gerturatutako taldeak bildu ziren. Talde bakoitzak soinua jotzeko duen estiloa erakutsi zuen, denak oso ezberdinak eta aberasgarria izan zen. Guretzat oso berezia izan zen jaialdi horretan parte hartzeko aukera izatea”.
Jaialdia amaitu ondoren ere, dantzan jarraitu zuten taldekideek. “Jaialdian parte hartu genuen talde guztiek elkarrekin afaldu genuen eta afalostean, oso giro ederra sortu zen. Gaua ondo aurreratu arte dantzan aritu ginen, geratu gabe. Kanpotik etorritakoak ere animatu ziren dantza egitera”, azaldu du Lourdesek.  

Dantzaren bizipoza
Dantzari nekaezina da Lourdes: “Izatez aiarra naiz eta hantxe ikasi nuen dantza egiten. Hamabost urte inguru genituela, San Pedrora joaten hasi ginen lagun taldean igandero eta gaur egun ere hala egiten saiatzen naiz. Izugarri gustatzen zait trikitixa eta dantza egitea. Musika entzun bezain pronto hankak mugitzen hasten zaizkit. Etxean bertan ere dantza saio ederrak egindakoa naiz. Irratia piztuta aritzen naiz etxeko lanak egiten eta gustuko piezaren bat jartzen badute, lana utzi eta dantza sioa egiten dut. Trikitixak bizipoza ematen dit”.
Gazteengan ez du dantzarako grinarik ikusten Lourdesek: “San Pedron, esaterako, ez da gazte jende askorik ikusten. Gurasoekin joaten hasten diren umeek, pixka bat koxkortzen direnean, joateari utzi egiten diote. Herrietako jaietan ere inor gutxi ikusten da dantzan. Nik ahal dudan guztietan egiten dut dantza eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dut. Donostiako jaialdian, galtzen ari den dantza egiteko modu hori erakustarazi nahi zuten eta gutaz gogoratzea asko eskertu nuen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!