Herri kirol jaialdi bikaina abenduaren 31n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 19:19

Urteari amaiera berezia emateko modua izango da Asteasuko kiroldegian. Urrezko aizkolarien binakako txapelketa eta Inaxio Perurenaren marka saiakera izango dira ikusgai.

Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera herri kirol lehiari. Gazteen mailako aizkolariek izango dute lehendabiziko postuan lanari ekiteko ardura. Mugerza III eta Jokin Alkizalete, Oihan Larretxea eta Garikoitz Larretxearen aurka arituko dira. Alkizalete II-ak ez du txalo eta animoen faltarik izango, herrian bertan arituko baita. Duela bi urte hasi zen Jokin aizkoran, Xabier anaiarekin batera eta maila onean lehiatzen ari da. Aurreko Urrezko Aizkoran finalaurrekoetara iristea lortu zuen Aratz Mugerzarekin batera eta aurten ere, lan txukuna egiten saiatuko dira larretxeatarren aurkako norgehiagokan.

295 kiloko harria
Aizkolari gazteen lehia amaitzean, Inaxio Perurena harri-jasotzailearen txanda iritsiko da. 295 kiloko harria jasotzeko saiakera egingo du Perurena gazteak, bere marka berria ezarri nahian. Iaz, Asteasun bertan lortu zuen 290 kiloko harria sorbaldara ekartzea eta aurten, toki berean egingo du marka saiakera. Leitzarrak geroz eta gertuago du 300 kiloko harriaren muga.
Ondoren, Urrezko mailako aizkolarien txanda iritsiko da. Arrospide eta Azurmendi, Olasagasti eta Txapartegiren aurka lehiatuko dira. Maila handiko norgehiagoka hartuko du Asteasuko pilotalekuak urtea amaitu aurretik.
Abenduaren 31n, arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera herri kirol jaialdiari. Sarrerak salgai jarriko dituzte Asteasuko kiroldegian, jaialdiko egun berean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!