Andoaingo historia, grafikoki

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 19:16

Andoaingo argazki zaharren liburua emango du argitara Larramendi Bazkunak 2010ean.

Argazkiak izeneko liburu-bildumako laugarren alea izango da hauxe. Gogoan izan aurreko hiruak Beterri-Aiztondo, Urnieta eta Amasa-Villabona izan dituztela gaitzat. Egundoko harrera jaso zuten horiek, bere garaian: makina bat herritarrek utzi zituzten argazkiak egileen eskuetan, eta erruz eskutik eskura ibili ziren liburuak behin argitara emanda.  
Larramendi Bazkuneko Andoaingo Biltzarrak hartu du bere gain Andoaingo erretratu zaharren liburuaren egitea.
Ezinbestekoa da argazkiak etxean gordeta dituzten pertsonen parte hartzea egitasmoan, liburua aterako bada; eta horregatik, deialdia luzatu du Biltzar horrek egunotan. Bere asmoak azaltzen dituen esku orria zabaldu du Andoaingo etxe guztietan posta bidez. Herritarrengana zuzentzen da, eskaera zuzena egiteko: “zure etxean liburu horretan argitara eman litekeen argazki zaharrik baldin baduzu, ez zalantzarik egin, jar zaitez gurekin harremanetan”.  

Argazkiak azalpenekin eta atalka
Honako prozedura jarraituko dute argitaratzaileek: utzitako argazkiaren kopia unean bertan egiten saiatuko dira, eta argazkian azaltzen denari buruzko datuak bilduko dira argazkiaren lagatzaileari edo dakien edonori informazioa eskatuz. Ondoren, Bazkuneko batzorde batek erabakiko du zein argazki argitara eman eta zein ez. Era berean, bere kargu hartuko du argazki bakoitzaren identifikazioa eta azalpen testua egitearen lana.
Argazkiak atalka bilduko dira liburuan: baserri, mendi edo bazter ikusgarriak; baserri giroa; kalea (etxeak, eliza, udaletxea…); familia erretratuak; eskola giroa; herriko jai, ospakizunak, kultur ekitaldiak…; kirolak; lanbideak eta lantegiak; eta, azkenik, lagunartekoak, omenaldiak, kintoak…
Nahiz eta azkenean argazki guztien artetik batzuk bakarrik kaleratu, Andoaingo argazki zaharren bilduma handia egin nahi du Larramendik, argazki bakoitzak bere informazio propioa izango duelarik.
2010ean kaleratzea espero da liburua. Izan ere, 500 orritik gorago lan mardula egin nahi da, eta ahalik eta kopururik handiena argitaratu. Asmo horiek prozesua luzatzea ekarriko du noski. Dena den, tamainaz zein kalitatez galanta izango balitz herritarrek utzitako materiala, litekeena da bigarren liburu bat ere etortzea aurrerago.  


ELKARRIZKETA
Jon Unanue liburuaren egitasmoa abian jarri duen taldeko partaide da Larramendi Bazkunean.

Zer bilatzen duzue herrietako argazki liburuen bildumarekin?
Bi helburu batik bat. Lehena, industrializazio prozesuak gizartean eragin zuen eraldaketa modu grafiko eta bizkorrean islatu ahal izatea. Azken 120 gizaldi askotako eraldakuntzarik handiena suertatu da gure gizartean; eta beraz, erretratuen bildumak ematen digu aukera azken 100 eta gutxi urtetako historia laburbiltzeaz gain, aurreko mende askotako tradizio, ohitura eta gizartearen azken zantzuak irudietan azaltzeko. Aukera paregabea da hori, ze geroztik galdu egin da hori guztia, Andoaingo kasuan erabat gizarte urbanoa bihurtu den arte.
Euskararekin du zerikusia bigarren helburuak. Halako liburuek herritarrengan duten oihartzuna ikusita, Larramendi Bazkunaren apustua  herriaren berri herriari bere jatorrizko hizkuntzan, euskara hutsean alegia, ematea da. Eta bide batez, jendea horrelako produktuak euskaraz normaltasunez irakurtzera ohitu dadin nahi genuke. Zergatik, bada? Zoritxarrez, gure herriaren historia gazteleraz idazten delako %80an, oraindik, gurean.   

Zein da argazki liburuen baliorik handiena?
Irudiak erabiliz, historia garaikidearen bilketa egiten dutela. Askotan jendeak ez du historia liburuetara jotzen bere herriaren historia jakiteko. Liburu hauek duten balioa azken 100 urteko historia laburbiltzea da, pertsonai edo pasadizo nagusienak jakitera emanez.
Liburuetan herriko historia askoz modu xeheagoan kontatzen da, baina argazkiek inpaktu handiagoa eragiten dute guregan inkontzienteki, eta argakietan ikusten dena hobeto gordetzen da buruan.

Zergatik sortzen dute argazki liburuek horrelako harrera beroa?
Oso historia hurbilekoa biltzen dute. Beste inon agertuko ez diren herriko benetako protagonistak agertzen dira, eta bi abizenez identifikatuta gainera. Liburuan datozenak familiakoak dira, aiton-amonak, gurasoak… Nahiz eta nork bere burua ez ikusi, ikusiko ditu ahaideak han edo hemen. Korpus bakar batean bilduta,  altxor txiki baten moduan… Ziurtatuta dago arrakasta alde horretatik.

Zer sartu zer ez, ez da erraza izango irizpide jakinik erabiltzea…
Oso subjektiboa da aukeraketa. Eta izango dira protestak ziurrenik. Lehenego eztabaida, liburu bakarra ala bi egin, hortik helduko zaigu; 500 bat orrialde berehala betetzen baitira. Uste dugu biltzen den materiala interesgarria dela, Udalak ahalegin berezia egin beharko lukeela.
Atalka sailkatuko ditugu argazkiak bildu ahala, eta lan taldeak erabakiko du zer bai, zer ez jaso. Kopuru zehatza sartu ahal izango dugu sail bakoitzean. Gerta liteke, adibidez, 60 lagun agertzen dituen argazki batek interes gutxi edukitzea etnografikoki, historikoki… Eta aldiz, lagun bakarreko erretratu batek handia edukitzea, daukan janzkeragatik, pertsona historikoa oso gutxitan azaldua izateagatik…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!