Milioiak tokatuta baino gusturago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 19:08

Maripui Garmendia Mujika Saharako kanpamenduetan izan da abenduan. Bete-beteta etorri da, esperientzia ezin hobea bizituta.

Aurtengo udan, Tolosaldea Sahararekin ekimenaren baitan, Hussein haur sahararra izan zuen etxean Maripuik, “iaz haur sahararrak etxean hartzeko jendea behar zela jakin nuenean, izena eman nuen, baina azkenean, nahiko jende bildu zen eta ez nuen umerik hartu. Aurtengo udan bai; bi hilabetez eduki dut etxean Hussein. Umea hartzen banuen, nirea balitz bezala erakutsi nahi nion eta benetan polita izan zen etorrera”. Abenduan, berriz, bederatzi egunez bisita egin die Maripuik etxean izan zuen Hussein umeari eta haren familia nahiz ingurukoei. “Hussein etorri izana oso esperientzia betegarria izan zen eta barruak eskatzen zidan hara joatea. Milioiak tokatuta baino gusturago etorri naiz handik. Ez daukate ezer baina dena ematen dizute”. Saharan oso ondo moldatu dela aipatu du eta babes handia sentitu duela inguruan. “Oso atseginak dira eta jendeak oso ondo jokatu du nirekin, ez daukat azaltzeko hitzik”.

Sukaldean nahiz  esku-lanetan
Saharako egonaldian zehar, etxeko haurrekin goizez erosketak egin eta berak prestatzen zituen otorduak. “Etxeko emakumeak nahiz inguruko etxeetakoak janariak nola prestatzen nituen ikastera etortzen ziren. Ez pentsa errezeta bereziak egiten nituenik; ez daukate ezer eta. Makarroiak edo babarrunak prestatzen ikastera etortzen ziren. Ogi-irin modukoa uretan nahastu eta huraxe jaten dute sarritan, baita cous-cousa ere. Eta tea, oso sarritan”. Ezinduei zuzendutako eskola batera bisita egiteko aukera izan zuen. “Bi irakaslek egiten zuten lan bertan. Zer erakuts niezaiekeen galdetu zidaten eta nik gantxilloa egiten erakutsi nien. Ideia hori banuen buruan eta hariak nahiz oihalak eraman nituen. Ez zaie dena eginda eman behar, egiten erakutsi behar zaiela konturatu naiz. Galtzak nahiz faldoiak egiteko patroiak moztu nizkien eta izugarri gustura geratu ziren, urtebeterako lana eman niela esan eta eskertuz. Niretzat esperientzia betegarrienetako bat izan zen bisita hura”.

Paisaia harrigarria
“Ez da txoririk entzun eta ikusten, zuhaitza ere bakarra ikusi nuen. Inguru guztia hondarra da. Begia jotzen du hango paisaiak. Etxeak ere hondarrezkoak dira eta eurite garaian, urtu egiten dira askotan. Kasu horietan, etxe berriak eraiki behar izaten dituzte berriro”. Ikusitako guztiak begia jotzen duela adierazi du, “begia jotzen du etxe barruak batere altzaririk gabe ikusteak. Lurrean egiten dute lo, jantzitako arroparekin eta gainean bi manta potolo hartuta. Baita guk ere, noski! Komunak zulo hutsak dira eta Husseini hasieran lotsa ematen zion ni hara sartzeak, hemengoak bezalakoak ez zirelako”. Izugarri harritu duen beste kontua, Argelian hegazkinetik jaitsi eta Saharara iritsi zirenean, izarrak eta ilargia hain gertu ikustea: “Ez nuen horrelakorik sekula ikusi”.

Bizimodu lasaia
Kanpamenduko bizimoduaren inguruan, geldirik daudela sumatu du Maripuik, “ez daukate ilusiorik, ez dute etorkizunik ikusten; egunean bizi dira. Argelia eta Marokorekin duten gerraren ikus-entzunezko batean parte hartu nuen eta emakumeak besterik ez ziren agertu, batere gizonik ez. Gu laguntzeko prest geundela adierazi genien baina, eurena dela arazoa eta eurek mugitu behar dutela aurrena. Saharan lasai bizi dira eta esnatu egin behar dute”. Gainontzean, dirurik eta janaririk ez izanagatik, pozik bizi direla antzeman du. “Hemen dirua irabaziagatik, kexuka bizi gara. Muturreko bi egoera dira”. Hamabi haur baino gehiagoz inguratuta igaro ditu egunak, “udalekuetan bezala jolasean ibili gara: baloiarekin, harriekin, txingoan, dantzan, kantuan, zezenetan…”. Haurra hurrengo urtean berriz etxean hartzeko gogoz itzuli da Maripui eta egun batzuk gordeko ditu berriz ere bisitan joateko, “ukitu egiten du horrelako esperientzia gertutik bizitzeak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!