Dendarien ekimenak Gabonetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 19:05

Oria merkatal elkarteak, bigarren urtez, zozketa antolatu du elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean.

Erosketak egitearen truke, txartelak banatuko dituzte abenduan zehar eta, abenduaren 22an, 13:30etan plazan jakingo dira sarituen izenak. Aurtengo sariak 200 euroko bost txartel izango dira, Oria merkatal elkarteko dendetan gastatzeko. Horrez gain, saski eder bat ere zozketatuko dute.

Erakusleihoak apainduta
Abenduaren hasieraz geroztik, Gabonetarako apainduta daude dendetako erakusleihoak eta dendariek elkarren artean, apaingarri bateratua ere jarri dute atarietan. Aurreko urteetan loreak jarri zituzten bezala, aurten Gabonetarako prestatutako zintzilikario dotoreak aukeratu dituzte.
Abenduaren 24an, Olentzaroren jaitsierarekin bat eginez, iaz bezala, gaztainak jarriko ditu Oria merkatal elkarteak. Erregeen kabalgatan, berriz, zeliakoei zuzendutako gozokiak.
Bestalde, Oria elkarteko kideen eta elkartekideak ez diren gainerako hainbat denden ekimenez jarri dituzte aurtengoan ere Gabonetako argiak kaleetan. Abenduaren 21ean piztuko dituzte.

Plaza, aparkaleku goizetan
Abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra, Errebote plaza aparkaleku bihurtuko da goizetan. 09:00etatik 14:00etara autoak uzteko zabalduko da plaza. Oria merkatal elkarteko merkatariek bultzatuta eta, iaz bezala Udalarekin adostuta, herritarrei erosketak herrian bertan egiteko erraztasunak emate aldera  jarri dute abian ekimena. Zubimusu Asteasutik Villabonara trafikoarentzat zabaldu dela ere jakinarazi nahi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!