Hiru eskaera
Adierazpenarekin batera, Arabako Foru Aldundiari hiru eskaera luzatu dizkiete:
- Idazkunen datazioak beste laboratorio batzuetan berriro egitea. Horrez gain, aurreko datazioak egin dituzten laboratorioei egindako lana berrestea ala ez eskatzea eta egindako datazioei buruzko datuak osatzea.
- Lurmen enpresarekin duen hitzarmena mantentzea. Ostrakak gezurrezkoak izateko aukera handiak badaudela onartuta ere, egiazkoak izateko arrazoirik ere ez da falta. Beraz, Aldundiak beste zuzendaritza bat sar dezake Iruña Okan baina Lurmenekin batera lan egiteko.
- Informazio eta eztabaida epe luzea irekitzea. Bi urteko epean eta material guztia interneten bidez denon esku jarri ondoren, aurkitutako hitz eta ostrakak egiazkoak ala ez izan daitezen nazioarte mailako eztabaida publiko eta irekia sustatzea. Lehendabizi, maila arkeologikoan atera beharko lirateke ondorioak eta, bigarren maila batean, gai honi dagozkion gainerako jakintza arloak.
Agiñalde taldeak, Hontza liburu-dendarekin batera, Valladolid-ko Jorge Maria Ribero-Meneses historialari, filologo eta ikerlariak bere azterketen berri emateko hitzaldia antolatu zuen abenduaren 9an, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Orain artean El verdadero origen de Los Baskos: la primera Humanidad – El origen cantábrico del Homo Sapiens – La primera diáspora, Basko-Kantabra, de la humanidad – Santander es Vizcaya: la Fuente de la Vida eta El Euskera madre del Castellano liburuak argitara eman dituen ikerlariak, Iruña Okako aurkikuntzen inguruko iritzia azalduz ekin zion hitzaldiari eta Arabako Foru Aldundiari behin betiko erabakirik ez hartzeko eskatu zion, “txosten independenteek arrazoi eta froga berriak eman arte”. Hitzaldiaren hasieran Iruña Okako aurkikuntzen inguruko dekalogoa irakurri zuen eta, besteak beste, aurkikuntzek inondik inora faltsuak izan ezin daitezkeela ziurtatu zuen, “logika puru eta hutsagatik”. Menesesek ez dio onurarik ikusten arkeologoek gezurra esateari, “ostrakak gezurtatu nahiko balituzte gainera, faltsutze arruntagoak sinatuko lituzkete; susmorik piztuko ez luketenak”. Bestalde, Beleiako faltsutzeak epaitu dituztenak latineko irakasleak edo gutxienez latinistak direla esan zuen eta hizkuntzen jartorriaren eztabaida ez dutela agerian utzi nahi izan. Izan ere, Menesesen ustez, aurkikuntzak baieztatuko balira, gainerako hikuntza erromanikoengan latinak duen amatasun papera lurperatuko litzateke eta bere esanetan, hori ez da komeni garai hauetan, “izua zabalduko litzateke euren bizitzak eta ikasketak latinari eskaini dizkiotenen artean. Hazteari uzten ez dion olatua geratu nahi da baina, oraingo indarrez aurrera jarraitzen badu, latina institutu eta unibertsitateetatik kanporatuko da, askoz ere zaharragoak diren euskara bezalako hizkuntzen mesedetan”. Datu zehatz eta ustekabeko askorekin hurrengo liburua prestatzen ari dela aurreratu zuen, “betiere azterketa eta datu sendo nahiz seguruetan oinarrituta. Gainerakoan ez nuke horrelako lanik hartuko”.