Omenaldi hunkigarria Jon Tecedor pultsulariari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 17a, 18:58

Eguraldi hotza izanagatik, giro epel eta hunkigarria sortu zen Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan abenduaren 13ko ekitaldian.

Jon Tecedor pultsulari lasartearra, Zizurkilgo Danena Halterofilia taldeko kide zen. Ekainean izandako istripu baten ondorioz hil zen eta bere taldekideek omenaldia egin nahi izan zioten pasa den larunbatean.
18:00etan eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Euskal Herriko puntu ezberdinetatik hurbildu zen hainbat kirolari, Jon Tecedor lagunari omenaldia egiteko asmoz. Bertan ziren bere etxekoak ere.
Jon Tecedorren argazkiaren aurrean ehun kirolari inguru bildu zen eta ohorezko altxaldi bana egin zuten. Danena taldeko entrenatzaile den Batis Kortajarenak hunkituta agertu zuen Intxaur kiroldegian bizitutakoa: “Oso polita izan zen. Ekitaldiko momenturik hunkigarriena ohorezko altxaldiena izan zen, zalantzarik gabe. Halterofilia munduko jendea ikustea oso berezia izan zen. Jonen familiartekoak bertan ziren eta asko eskertu zuten horrenbeste jende hurbildu izana. Dena oso ondo atera zen”.
Euskal Herriko Halterofilia Taldeko kideak lehiatu ziren ondoren. “Asteburu honetan Gijonera joango gara estatu mailako txapelketa jokatzera eta Euskal Herritik bi talde joango gara. Lehen taldean joango diren pultsulari gehienak erabakita zeuden, baina zalantzaren bat bazen eta eguerdian elkarrekin lehiatzea adostu genuen, nor joan erabakitzeko. Iker Hernandez izan zen garaile eta lehen taldearekin arituko da. Berarekin batera Teddy Martinez, Ekaitz Kortajarena, Jon Sasian, Igor Sasian, Kepa Ortega, Javier Zelaia eta Francisco Cruz joango dira. Arratsaldean, omenaldiaren ondoren egindako lehian talde honetako sei pultsulariren arteko lehia ikusi zen eta Ekaitz Kortajarena izan zen garaile”, azaldu zuen Batisek.
Harrijasotzaileek ere izan zuten euren txanda: “Aimar Irigoien eta Telleria anaiak bertaratu ziren eta oso lan txukuna egin zuten guztiek ere. Aimarrek harri handietako Euskal Herriko txapelketa jokatuko du datorren astean eta ezin zuen gehiegi arriskatu, baina lanerako gogoz etorri zen. Telleria anaiek ere lan polita egin zuten. Pisu txikiko mutilak dira eta hala ere, harri handiak jaso zituzten. Urtzik 175 kiloko zilindroa altxa zuen, Iraitzek 175 errektangularra eta 13 urte besterik ez dituen Beñatek 100 kiloko harri zaharra berdindu zuen. Harrijasotzaile guztiak bola altxatuz agurtu ziren”. Guztiek elkarrekin afalduz eman zioten amaiera omenaldiari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!