Bixente Olano Otegi hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 16a, 13:07

Andoaingo euskaltzalea eta Larramendi Bazkuneko Ohorezko bazkidea abenduaren 15ean hil zen, Senperen (Lapurdi).Urte askoan euskararen aldeko lanean murgildu zen. Zeruko Argian lan asko egindakoa zen eta Aiurri hamaboskarian hamaika dira bere izenpean argitara eman diren artikuluak. Gizon jantzia, irakurle eta idazle amorratua zen. Haren hileta elizkizuna ostiral honetan izango da Santa Krutz elizan, iluntzeko 19:00tan.

   Berari zor zaio Axeri dantza berreskuratu izana, 1975ean. Beasaingo artxibategian irakurri zuen garai batean nola egiten zen Axeri dantza Beterrin. Lizar Makileko dantzarien laguntzaz, Adunako dantzari zaharrengana joan eta haiei pausoak eta doinuak galdetuta, horrela berreskuratu ahal izan zen Adunan eta Andoainen.

  Irakurzale eta idazle amorratua. Euskal kulturarekin eta euskararekin zerikusia zuen edozer alor aztertzen zuen modu grinatsuan. Historia, arkeologia, euskal hitzen jatorria... Hizlari eta mintzakide trebea, euskal kulturaren edo euskararen gainean tertulian aritzeko prest agertu zen beti.  Euskararen eta euskal kulturaren alde egindakoagatik aitormen publikoa jaso zuen Andoainen, Mari Jesus Altuna irakaslearekin batera, herriko euskaltzaleek antolatu zuten “12 ordu Euskaraz” jaialdian. Larramendi Bazkunak ere Ohorezko Bazkide aitzindari izendatu zuen 2002. urtean.

Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak kultura eta politikaren ikuspegitik definitu du Olano, lehenengo eta behin: “abertzale osotzat jotzen zuen bere burua; baina abertzale baino gehiago, euskal kultura eta nortasunaren defendatzaile sutsu izan zen Bixente urte askoan”.

Izaeraren aldetik, “erraz pizten zen gizona zen; polemika bilatzen zuena bestearen iritziarekin bat ez zetorrenean, eta horrek maiz eramaten zuen plazara, hitzez edo idatziz. Bere subjetibitatetik izango zen, baina naturaltasun eta zintzotasun osoz kontatzen zituen 90 urtetako biografia luze horretako gertakariak, baita eduki zitzakeen alde ilunak ere”.
XX mendeko Andoaingo historiaren lekuko aparta zela ere nabarmendu nahi izan du Unanuek “herritar batek eman zezakeen lekukotasunik onenetakoa zen Bixenterena”.
Unanuek gogoan ditu, hainbat herri ikerketa burutzeko Bixentek emandako informazioa, “adibidez, Andoaingo kale-izendegia osatzeko lanetan egin zuen lana edo Algondorenaren historiari buruzkoak”.

Kontalari trebea
“Oso oroimen onekoa eta kontalari trebea zen” Unanueren iritziz, eta berarekin gozatzen zuten mintzakide ugari utzi ditu saminez beterik. Horien artean, Ines eta Mari Kruz Lekuona Ernaitza liburu dendako ahizpak. “Herriko eta herritik kanpoko istorio asko zekizkien, nahiz eta batzuek ez kontuan hartu gizona. Irakurtzeko denbora hartzen zuen, eta beti etortzen zen agiriren batekin, beste inork ez zekiena kontatuz. Esate batera, berak jakinarazi zuen udaletxean eguzki erlojua zegoela”.

San Esteban erretegiko Juan Lopez Munain eta Mari Karmen Txapartegik ere bihotzez sentitu dute haren galera. “Astero etortzen zen guregana. Gustagarria zen hizketan, aspertzen ez zuen horietakoa. Ederki asko menperatzen zituen herriko gorabeherak, euskararen gainekoak eta gerra denborakoak-eta. Honelako edo horrelako kontua aipatu, eta hurrengo asterako hor etorriko zen bilatu zuenarekin”.  

“Heriotz eske bezela” sumatzen zuen azken aldian Mari Kruz Lekuonak Bixente. Orain hamabost egun, berriz, “nik hil egin nahi dit; egitekoak egin dizkit, alperrik natxiok hemen” entzun zioten Goiburun. “Bai, baina zeozer sentituz gero, medikuanera joaten zera azkar”, erantzun zion orduan, umorez, Juan Lopez Munainek.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!