Azokaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 15:19

Abenduko hirugarren eguna Euskararen Eguna bezala izendatua dago. Testuinguru horretan, Egape ikastolan euskarari lotutako astea ospatu berri dute. Euskal abestiei errepaso ederra eman zieten, maila desberdinetan antolatu zuten karaoke saio dibertigarrian. Beste hainbat ekitaldirekin batera, aurpegi ezagunen bisita ere jaso zuten, pilotari profesionalena edota musikariena. Guztia, euskara ardatz hartuta eta geure hizkuntza bultzatu asmoz.

AZOKA
Abendua hilabete oparoa izan ohi da, Egape ikastolakoek antolatu ohi dituzten ekitaldiei dagokienean. Euskararen Astea igaro berri den honetan, jada Neguko Azokari begira daude. Datorren abenduaren 19an ospatuko dute Jakutegi plazan, San Tomas egunaren bezperatan eta gabonetako oporraldiaren usainean. Hauxe prestatu duten egitaraua:
  • 10:30 Baserriko produktu eta tresnen erakusketa. Jarraian, Haur Hezkuntzako ikasleen kantu emanaldia.
  • 11:00 Sabelak berotzeko, txistor jatea.
  • 11:15 Lehen Hezkuntzako ikasleek eskainitako gabon kanten emanaldia.
  • 11:30 Kalejira herriko kaleetatik barrena.
  • 12:00 Ekitaldi nagusia: bertsolariak, trikitilariak, txerriaren zozketa eta txalapartariak.
  • Oharra: festak irauten duen bitartean danbolinean gaztainak erreko dira eta bertara hurbiltzen diren guztiek jateko aukera izango dute. Girotzeko bertso bat ere prestatu dute, gauden garairako ezin egokiagoa:

Santo Tomas  eguna
ailegatu  zaigu,
ta txistorra jateko
gogoa daukagu
bertsoak kantatuta
denok jango dugu,
urteroko giroa
hartuta eredu,
horrela izaten da
makina bat negu


IÑISTORRAKOEN MAHAIA
Azoka egingo den gune berean, Iñistorra Elkartekoak mahai bat jarriko dute. Bertan eskuragarri izango da 2009. urterako prestatu den egutegia. 2 eurotan eskuratu ahal izango da. Aiurriko harpidedunek doan. Urnieta eta urnietarren koloretako argazkiez osatu da aurtengoa. Telefono interesgarrien zerrenda dakar gainera. Jakutegi plazan eta Urnietako honako guneetan ere aurki daiteke urte berriko egutegia: Idiazabal kaleko Urnieta eta Toñi fruta dendatan eta Aiurriko egoitzan.

ARGAZKI LIBURUA, LETEREN POESIA
Gune berean, Urnietako erretratu zaharren erdarako itzulpena ere eskuratu ahal izango da. Hilaren 19an Jakutegi plazan eta hortik aurrera, baita Aiurriko egoitzan ere. Xabier Letek argitaratu berri duen Egunsentiaren esku izoztuak poema liburua ere erosi ahal izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!