Inkesta Eguberrietako kanpainaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 15:17

Urriaren hasieran Aiurri astekariak Andoaingo bost merkatarien artean egoera ekonomikoak erosleengan zuen eraginaz galdeketa egin zuen. Zer nolako eragina izaten ari da krisia erosleen artean? Horixe merkatariei eginiko galdera. Erantzunak ikusita, krisia oraingoz ez zen garai hartan bereziki nabarmena. Eguberriak iristear daude eta Aiurri astekaria beste merkatari batzuekin harremanetan jarri da gaiaren inguruan iritzia eskatzeko.

IZASKUN MENDIZABAL
Ormendi

Etorkizunaren inguruan aurreikuspena eskatzea magia egitea bezalakoa da! Orain arte, egia esan, entzuten den guztiarekin nahiko pozik gaude. Martxa berdinean jarraitzea espero dugu. Argi dago salmenta kopuruan antzemango dugula. Dagoeneko antzematen ari gara, erosleak prezioari lehen baino gehiago begiratzen dio. Aurreko urteetan garai honetarako salmenta aurreratuago genuen.
Eguberrietako kanpainan izaten dugu lanik gehiena, baina 2009 urteari beldur handiagoa diogu. Udaberria aurretik merkealdien garaia dator. Generoa ateratzeko oso inportantea da, eta berriro diot, beldur askorekin gaude urte berriari begira.

MARIA PILAR HERCE
Xare

Guretzat orain arteko kanpaina ona izaten ari da, baina eguraldiari esker egia esan! Eguberrietako kanpainari aparteko ikararik ez diot, ziurrenik krisia guri ondo etorriko zaigulako. Eroslea soilik beharrezko gauzak erostera animatuko delako. Eta gure kasuan, gure eskaintza beharrezkoa edo probetxuzkoa da. Jendeak prezioa galdetu eta konparatu egiten du, normalean baino gehiago.
Hurrengo kanpainari beldur handiagoa diot. Neguko kanpaina eta merkealdia nahiko ona izaten da guretzat. Otsaila, aldiz, oso hilabete apala da eta hortik aurrera herritarrak krisia nabaritzen hasiko direla esango nuke.

PEDRO TELLAETXE
Aitzbeltz

Ziurgabetasun handia nabaritzen da, salmentari dagokionez ere gorabehera handiekin gabiltza. Oso arraroa da egoera hilabete hauetan, piskanaka ere denok beherakada edo krisia nabaritzen ari garela iruditzen zait. Eusko Jaurlaritzaren Renove planari esker erosleak 85-105 euro bitarteko beherapena dauka, eta gaitzerdi. Hurrengo hilabeteetako egoera beretsua izango da.

JOXE MARI IGARATEGI
Bikoitz

Aurtengo eguberriei begira, momentuz, iazko martxa daramagu, beraz ez gara kexatuko. Salmenta aldetik nabaritu duguna da jendeak gehiago begiratzen diola prezioei, eta gauza merkeagoak erosten dituela. 2009ra begira, ezkontzen kasuan adibidez, bikoteak geroz eta beranduago erabakitzen dute noiz eta, noski, horrek aurreikuspenean eragina du. Ziurgabetasuna handia da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!