Egunero lantokira joan arren, ezin dute lanik egin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 15:15

Went enpresak Andoainen duen lantegiko 22 langileen harridurak ez du neurririk, bizi duten egoera dela medio: urtez urte irabaziak izan dituen enpresako parte dira eta eskukada lan daukate oraintxe; eta hala ere, ezin dute lanik egin, gerentziak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu berri duelako. Went-ek poliuretanozko lehioak egin eta muntatu egiten ditu.

Lantegiak ezin diela zorrei aurre egin adierazi nahi izan du Jesus Fernandez enpresako nagusiak, Guadalajaran hartzekodunen lehiaketa aurkeztu duenean. Langileak, baina, sutan daude: “Lantegi hau bideragarria izan da beti. Urtea amaitzerako ere lana soberan zegoen; krisia hitza besterik ez da aditzen, baina oraintxe milioi erdi euroko eskaera jada bideratua zeukan lantegiak”.

Lanez gainezka egon behar zutenek, ordea, bi hilabete daramate eskuak gurutzaturik zortzi orduko lanegunean eta xoxik kobratu gabe. “Nagusiaren gestio tamalgarriak eragin du arazo guztia; oso goitik egin nahi izan du hegan, eta gaizki irten zaio. Guadalajaran hiru enpresa sortu zituen operazio urbanistiko baterako, inbertitutakoaren halako hiru irabaziko zuela pentsatuz. Eta horretarako, hemen primeran zihoan enpresa abal gisa jarri zuen”.
Nagusia hemengo irabaziak eta makinaria hara eramaten joan da piskanaka, Andoaingo lantegiaren kapitala hustuz. Hangoa hasieratik izan da diru galeren eragilea; hemengoa berriz, trakesten joan da denborarekin, “astean ia bi egun lanik gabe egon behar izan dugu, handik materialik bidaltzen ez zigutelako”.

“Wentanamo”
22 langileak lantegian egotearen errituala betetzen ari dira egunero. “Nahiko genuke amesgaizto hau gainditu eta eskaerei erantzun, baina loturik gaude: Iberdrolak argindarra moztu du, segurtasun sozialari ez zaio ordaintzen…”.

Argirik ez, ur zikina edateko, itoginak eta haize korrontea nonahi… Paisaje guztiak egoitza abandonatu baten itxura hartzen du. Izan ere, “azken lau urtetan ez da inbertsiorik egin, pabilioi berria egitekoa zelako”. Umorea, behintzat, ez dute galdu langileek: “lehioak egiten ditu enpresa honek, baina bere lantegiko kristal franko hautsita dauzka”. Wentanamo deitzen diote, ironiaz, lantegiari.

Eguneroko egonaldi horretan, bezeroen bisita ari dira jasotzen tarteka. “Guztiaren %30a aurrez ordaindua diote enpresari, eta lehioak jartzeko eskatzen digute. Guk zer egoeratan gauden azaldu eta batzuk gezurretan ari garela pentsatzen dute”.

Are gehiago, “nagusiak kontratu bat egin du Zarauzko bezero batekin egunotan, eta lantegian dauden 140 leiho, piskanaka, gure begien aurretik ari dira eramaten; irabaziak berarentzat dira, eta bitartean, guk ezin eragotzi”.

Amorrazioz gainezka jartzen dira politikarien ahotik euskaldunok enpresarioekin harro gaudela entzuten dutenean. “Legediak nagusia babesten du, ez gu! Hemen nahiko genituzke agintariak, bizi dugun injustizia zergatik ematen den azal zezaten”.
“Egoerarik idealena oraintxe, nagusia paretik kentzea eta guk kooperatiba sortzea litzateke”. Ametsa baino ezin izan, ordea, egoera hori. Luze jo dezake hartzekodunen lehiaketaren prozesuak, eta ez dago ziur zer erabaki dezaketen epaileak izendatutako administratzaileek. Horregatik, langileok lan erregulaziorako espedientea ari dira prestatzen. “Kontratu hauste bat nahi dugu lan jarduera ezagatik, langabeziara joan edo enpresa proiektu berri batean murgildu ahal izateko”.

PROTESTA
Egun hori iritsi bitartean, euren egoera larria kaleratzea besterik ez zaie geratzen. Eguneko ”lanordua” bukatuta, ordu beteko protesta egiten dute 22 langilek lantegiaren aurrean. Ostiralero, berriz, Donostiara edo Andoainera eramaten dute protesta. Zumea plazan, 18:00tan dute hitzordua ostiral honetan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!