Miguel Mari Pagola zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 15:14

Migel Mari Pagola Muñoa pasa den ostiralean hil zen, minbiziak jota. Senitartekoek eta adiskideek igandean eman zioten azken agurra, hilerrian.

Pertsona herrikoia eta maitatua zen Migel Mari Andoainen. “Lagunen lagun, fina zen”, Julian Lopez bere adiskideak aitortu duenez. “Umorea zerabilen beti giza harremanetan, eta horrela jokatu zuen beti, nahiz jakin gaixotasun larria zeukala. Ziur nago herrian askok botako dutela faltan haren ironia eta gizatasuna”.

Horren gertutik ezagutu ez zuten herrikideek, agian kirolarekin lotutako pertsona gisa ezagutuko zuten Pagola. Futbol jokalari amorratua izan zen eta gaztetan Lengokoak taldeko jubeniletan jokatu zuen, Andoaingo Joxe Mari Aizpurua Puri, Xabier Agirre eta Jose Manuel Viejorekin eta Arkonada atezainarekin batera. Gerora, Lagunak eta Agustin Leitza taldeekin aritu zen senior mailan. Epaile gisa ere jardun zuen urteetan, kuadrilen arteko txapelketa ezberdinetan.

Lasterketa ezberdinetan parete hartzearen zale zen azken urtetan, inguruko hainbat herri krosetan parte hartuz. Argazkian, adibidez, 2002ko Behobia-Donostian ikus daiteke. 50 urtetik gora eduki arren, Buruntzako edo Goiburuko mendi kross gogorretan ere parte hartzera animatzen zen.

Korrikalari herrikoiaren izpiritua inork baino ederkiago biltzen zuen berarekin: kirola plazer hutsagatik egiten zuen, ez zen denboraren menpe ibiltzen eta umorez beteriko tratu handia edukitzen saiatzen zen beste parte hartzaileekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!