Andoain 2008: Kirol jarduera ezberdinen errepasoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 15:12

Kirol mailan banaka nahiz taldeka andoaindari asko albiste izan da. Asko eta asko onerako eta bakarren bat txarrerako. Elite mailan punta-puntan dabiltza Jon Gaztañaga, Kattalin Olasagasti, txirrindulari gazteak. Taldeka Gipuzkoa mailan goian aritzeko kalitatea duten taldeak badaude. Zoritxarrez, boleiko taldea ez da aurten lehiatuko. Hona, kirol albisteen errepasoa.

ESKUBALOIA. Urtarrilaren hasieran Leizaran eskubaloi taldeko zazpi jokalari Euskadiko hainbat selekzioekin Estatuko Txapelketa jokatzen aritu ziren. Kattalin Olasagasti, Oihana Arruti, Garazi Lopez eta Itziar Ubillos Meridan izan ziren eta baita Kopa irabazi ere, jokatutako 4 partidak irabaziz. Kadeteetan berriz, Malen Olasagasti eta Nagore Arizaga nesketan eta Alex Colorado mutiletan Vigon egon ziren, zegozkien txapelketak jokatuz.

MENDI BIZIKLETA. Ciclos Patxi taldeak Euskadi Team Rallya irabazi zuen bigarren urtez jarraian. Asier Arregi, Josu Arregi, Aritz Mujika eta Olatz Odriozola izan ziren taldekideak.

TXIRRINDULARITZA. Otsailaren 16an aurkeztu zen taldea Zumea plazan. Jubenilek, orohar, eta Mikel Iturria kadete mailakoak denboraldi bikaina burutu zuten.

IGERIKETA. Buruntzaldea IKT taldeko Andoaingo hogeita bi kide lehian aritu ziren Allurralden, alebin mailako proban.

FONDOKO ESKIA. Iker Egaña eta Garikoitz Asensiok Finlandiako bidea hartu zuten, martxoaren 6an, Fondoko eskiko Rajalta Rajalle Hiihto izeneko proban parte hartzeko. Probak zazpi eguneko iraupena du, eta 440 kilometro ditu guztira. Egunean zazpi-zortzi orduko saioak egin behar zituzten.

PILOTA. Aiurriri eginiko elkarrizketa Oñatz Gonzalez Usarraldek afizionatu mailako pilota utziko zuela iragarri zuen. Andoainek aspaldi eman duen pilotaririk onenetarikoa erremontean eta maratoian aritu da urtean zehar.

Eskubaloia. Senior mailako Leizaran taldeak Liga irabazi eta Gipuzkoako lehen mailan berriro jokatzeko aukera eskuratu zuen. Jubenil mailako neskek ere Federazio txapelketa irabazi zuten.

FUTBOLA. Gaztañagak Hamazazpi urte azpiko Espainiako selekzioak Turkian Europako txapela eskuratu zuen. Haien artean Jon Gaztañaga Realeko Andoaingo jokalaria zegoen.

ARETO FUTBOLA. Euskal Liga amaitzeko bi jardunaldi falta zirenean, Senior taldeak Allurralden jokatutako partidan Nacional B mailara igotzea ziurtatu zuen.

FUTBOLA. Infantil mailako Euskalduna taldeak Gipuzkoako txapeldunorde izan zen, Urnietako mutilen aurka galduta.

PILOTA. Herri arteko pilota txapelketatik kanpo uste baino lehenago geratu ziren. Elgoibarren aurka, sailkapenak azken tantoan alde egin zien andoaindarrei.

ESKUBALOIA. Leizaran senior mutilen taldeak Ligarekin nahikoa ez eta Kopa ere eskuratu zuten. Denboraldi bikaina borobildu zuten. Etxeberrieta Berri kadete mailako nesken taldea eta infantil mailako B taldea ere Gipuzkoako Kopako txapeldun bilakatu ziren.

IGERIKETA. Jaione Albistur Gipuzkoako alebin maila txapeldun geratu zen.

TXIRRINDULARITZA. Andoaingo Txirrindulari Eskolako Aritz Mujika Euskadiko selekzioarekin estatu mailako Kopan garaile izan zen, taldeka jokatu zen proban.

ESKUBALOIA. Kattalin Olasagasti Leizaran taldeko kidea munduko txapelketan parte hartzeko deitu zuten.

TXIRRINDULARITZA. Jubenil mailako taldea Gipuzkoako txapeldun izan zen taldeka jokatu zen erlojuaren aurkako proban. Asier Septien, Aritz Mujika, Iñaki Bengoetxea, Aitor Ugalde eta Imanol Ugalde izan ziren irabazleak.

ARETO FUTBOLA. Keler izan zen areto futboleko txapelketako irabazlea finalean Kattenazio gainditu eta gero. Galparsoro taldea izan zen hirugarren eta laugarren Ongi Etorri taldea. 28 taldek parte hartu zuten denera.

ATLETISMOA. Zumeatarra taldeko Pako Arnaiz beteranoen estatu mailako txapeldun izan zen martxako 10 kilometroetako proban.  Pako Arnaiz, Santos Uribe eta Josean Perez Euskadiko txapelketatan txapeldun izan ziren, proba ezberdinetan.
MENDIZALETASUNA. Arkaitz Lasa eta Iker Iriondo uztailaren 27an abiatu ziren Komunismo espedizioa burutzera, 7.000 altuerako bi mendi igo asmoz.

TXIRRINDULARITZA. Quebrantahuesos lasterketan Aimar eta Arkaitz Alkain eta Asier Etxezarreta nabarmendu ziren. La Marmotte proban berriz Zumeatarrako Txema Delgado, Jaime Heleno eta Imanol Arruti irten ziren.

SEGA. Marialuixa Gabirondo Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldun izan zen.

ATLETISMOA. Camille Extrem mendi lasterketa proba gogorrean Andoaingo bost kidek parte hartu zuten: Igor Larrañaga, Joxe Mari Etxebarria, Urtzi Fernandez, Unai Zatarain eta Joseba Collantes.

FUTBOLA. Euskaldunako Emakumezkoen infantil mailako taldea txapeldun izan zen nazioarteko partaidetza duen Donosti Cup txapelketan.

ESKUBALOIA. Kattalin Olasagasti eskubaloiko jokalariak kirol jauzi itzela egin zuen 2008-2009 denboraldian. Akaba Bera-Berako lehen taldera pasa zen, elitera alegia.

FUTBOLA. Hamaika talderekin abiatu zen denboraldia Euskalduna taldearentzat. Futbolean bederatzi eta areto futbolean beste bi.

ERREMONTEA. Xabier Bitoria Bengoetxeak Galarretan agur esan zion erremonteari, 1992an profesionaletan debuta egin eta gero.

BOLEIA. Elitean jokatzen ohituta zegoen Leitzaran bolei taldeak ez zuen lehiara talderik aurkeztu. Denboraldi hasierako albiste iluna izan zen.

SASKIBALOIA. Ganbara Saski taldeak senior mailan eta kadete mailan talde bana aurkeztu zituen denboraldi berriari begira.

TXIRRINDULARITZA. Bi eroriko izan arren, giro ederrean egin zen Iruñea-Andoain ibilbidea mendi bizikletan. Leitz taldea izan zen antolatzailea.

ESKUBALOIA. Leizaran klubak bederatzi talderekin hasiera eman zion denboraldi berriari.

FUTBOLA. Urriaren 26an Lagunak futbol taldeko kideek bilkura egin zuten Goikoplazan.

BOLEIA. Andoaingo ikastolako neskak eskolarteko mailan lehiatzen hasi ziren.

FUTBOLA. Jubenil mailako mutilen taldea igoera fasea igotzeko sailkatu zen denboraldiaren hasieran. Txarrenera jota, etorkizunean ere ohorezko mailan jokatzen jarraitzeko aukera ziurtatu dute.

FUTBOLA. Gipuzkoako Futbol Federaziorako hauteskundeetarako Olatz Irazu Euskaldunako kidea Barriusoren hautagaitzan aurkeztu zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!