Urnietako pilotarien albistegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 09:48

URNIETA 35–17 GIRIZIA1
XABIER AMANTEGI-ANTTON JAUREGI. LARRUZKO PALETA. SENIORRAK. Denboraldiko garaipen argiena. Amantegi aurrelariak aspaldiko jokaldirik onena burutu zuen, eskuin eskuz jaurtitako pilotakada guztiekin gozatu baitzuen. Jauregik ere sake bikainak egin zituen. Gogoan izan, txandatuz parte hartu ohi duen boskote batek osatzen duela taldea. Eskura dute finalerdietarako txartela, hiru jardunaldi jokatzeke geratzen diren honetan. Haietako bi norgehiagoka Urnietan. Zorte on!

Gipuzkoako Gomazko Paleta txapelketa hastear
Larunbat honetan abiatuko da, oraingoan, senior mailako paleta goma modalitatean. Zazpi klubek parte hartuko dute: Anoetako Kukuk, Azpeitiako Ikasberrik, Oriokok, Intxaurrondok, Hernanik, Real Sociedadek eta Urnietak. Etxekoek ez zuten zorterik izan zozketan, lehen norgehiagoka aurreko edizioko txapeldunen aurka lehiatzea egokitu baitzaie. Anoetarrak izango dituzte aurrez aurre. Arantxa Goenagaren lesioa dela eta bestalde, Urnietako ordezkaritza Karmele Urbistondok eta Sare Esnalek osatuko dute.

Trinketa txapelketa
Hilaren 20 eta 21eko asteburuan ekingo zaio kluben arteko Gipuzkoako Trinketa txapelketari. Urnietak kadete mailako sei talde aurkeztuko ditu eta afizionatu mailako beste bat, lehenbizi jokatuko den banakako modalitaterako. Kadete mailako hiru talde eta afizionatu mailako beste bat aldiz, jarraian hasiko den binakako norgehiagoketarako. Mikel Garaialdek ezingo du jokatu denboraldi osoan, istripu bat dela eta. UKE Pilota Sailetik zorte ona opa eta animoak helarazi nahi dizkiote, errekuperazio prozesurako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!