Urnietako eskubaloiaren historia bizia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 11a, 09:45

Jon Tomasena, UKE-ko eskubaloi jokalari eta elkarteko kide ohia atzera begira jarri eta azken mende laurdeneko oroitzapenak partekatu ditu Aiurri astekariarekin.

Noiz murgildu zineten UKE-n?
Jon Tomasena: Eskubaloian jokatzen hamaika bat urterekin hasi nintzen Egape ikastolan. Gero, kadete mailako adina nuenean, UKE-n sartu ginen ni eta nirekin batera jokatzen zutenak. Bertan hamabi, hamahiru bat urte pasa nituen jokalari gisa. Egia esan, oso hasiera polita izan zen, batez ere frontoian jokatzen genuelako. Oso giro polita sortzen zen.

Ahaztezina, pilotalekuko garai hura?
J.T.: Dena betetzen zen, gazte eta helduz. Egia esan, oso oroitzapen onak ditugu frontoi hortaz. Beranduago, polikiroldegira pasa ginen eta instalakuntzak askoz hobeak ziren. Berotasun hori galdu egin genuen, baina logikoa zen horrelako aurrerapauso bat ematea. Kiroldegian oroitzapen asko ditugu, baita lesioak ere. Urte eta erdiz, belauneko lesio piloa izan genuen. Kiroldegiak ere bere aldaketak izan zituen, irekita zegoen aldea itxi egin zen. Lur zorua ere egoki jarri zuten. Egia esan, eboluzio bat eman da instalakuntzen aldetik.

Zu ere final baten atarian, Lasarten kontzentratuta egondakoa zara?
J.T.: Oso bitxia izan zen. Kopako finalera ailegatu ginen eta guretzat oso gauza garrantzitsua zen. Orduko entrenatzailea Joxe Mari Sola zen eta hari bururatu zitzaion kontzentrazioa egitea. Hor ibili ginen kontzentratuta, txintxo txintxo. Ura edaten eta parranda egin gabe. Nik uste hark beldurra zuela, gauean baten bat aterako ote zen edo. Tolosan jokatu genuen finala, Loiolaren aurka. Tamalez puntu bateko tartearekin galdu genuen. Baina egia esan oso esperientzia polita izan zen.

Talde kide eta lagunak zineten aldi berean?
J.T.: Giroa eta elkarren arteko harremana oso ona zen. Hamaika urterekin hasi ginen eskubaloian. UKE-n urte mordoa pasa genuen elkarrekin. Kanpotik etorritako jendea ere oso ondo onartua izan da. Oso integratuak sentitu dira.

Koadrila asko sortu dira?
J.T.: Hona etorritakoen artean, urnietarrekin ezkondu eta hemen bizi direnak daude.

Oroitzapen mordoa izango duzue?
J.T.: Jokatzeaz aparte, antolakuntza lanetan aritzen ginen. Horretarako jende asko ez zegoenez, guk ere horrelako gauzak egin behar genituen. Ahalik eta talde gehien osatu nahian aritzen ginen, azken orduan beti, jendeak kirola egin zezan. Urte batean, kadete mutilena osatu ezinik geundenez, kalean aurkitzen genituen mutil kozkorrei galdezka aritu ginen. Justu, baina lortu genuen. Gaztetxoak gustura jolasten ikusita, guretzat ere poz izugarria izan zen.

Mende laurden honetako giltzarriak zeintzuk izan dira?
J.T.: UKE-k bizitza desberdin bat eman dio herriari eta mugimendu oso garrantzitsua izan da. Kirolari pila pasa da. Uste dut, UKE gabe herria desberdina izango zela, hainbeste kirolarik ez zutelako kirolik egin ahal izango.

Nola ikusten duzu kirol mugimendua gaur egun?
J.T.: Bolondresek sekulako meritua dute, UKE-k jarraitzen duen bezala jarrai dezan. Dituen talde guztiak kontuan hartuta, oso jarraipen luzea ikusten diot. Badakit arazoak badirela eta askok bere aisialdi orduak UKE-n pasatzen dituztela. Haiei esker jarraitzen du elkarteak, udal diru-laguntzekin batera.

Beste klubekin alderatuta, zertan desberdindu izan da UKE?
J.T.: Diru-laguntzak beste herrietan baino handiagoak zirela Urnietan. Bestalde, beste talde batzuk antolakuntza aldetik hobeto egon arren, hemen zegoen jende urriak oso kementsu eta inplikatuta egiten zuela lan, UKE-ren alde.

50 urte betetzerako nolako kluba izatea nahiko zenuke?
J.T.: Beti egon den kiroltasun giroa ez galtzea nahiko nuke. Ezta taldeko giroa ere, niretzat giltzarria izan baita 25 urte hauetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!