Asteburura begira, pilota partida ugari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 10a, 14:50

Lizaso, Pebet, Aranburu eta Iraeta Behar-Zanako pilotariek Gipuzkoako finalaren bila jokatuko dute igandean Amasako pilotalekuan. Behar-Zana elkartearen Gabonetako txapelketako finalak ere igandean Amasan jokatuko dira.

Joan zen asteko partidak irabazi ostean, Lizaso-Pebet (22-11) eta Aranburu-Iraeta bikoteak (22-7) aste honetan Gipuzkoako finala jokatzeko txartela lortzen saiatuko dira. Jakinarazi dutenez, "lehenak datorren denboraldian lehen mailan arituko dira gutxienez, oraindik elitean jokatzeko promozioa jokatzeko aukera baitute.  Bigarrenek berriz, bigarren mailarako txartela lortu dute, eta torneoko txapela dute helburu".

Iñaki Lizasok eta Antton Pebet Angeluko pilotariak larunbatean jokatuko dute Beragarako Munizipalean, arratsaldeko 17:00etan, aurkari Esnal – Gorrotxategi izango dituztelarik. Irailean elkar ikusi zuten Aginagako txapelketako finalean, orduan hernaniarrek 22-8 irabazi zuten.

Aranburu eta Iraetak, berriz, finalerdietako joaneko partida Amasan jokatuko dute ostiralean 21:30etan, Oiartzungo bikotearen aurka. Bi aukera izango dituzte, beraz, finalean sartu ahal izateko.

Hauen aurretik, Ordozgoiti-Inza jubenil bikoteak jokatuko du Ataungo taldearen aurka.

Behar-Zanako Gabon torneoko finalak

Behar-Zanako Gabon torneoko finalak Igandean 11:00tan Amasan jokatuko direla jakin arren, bertan arituko diren pilotariak ostiralean zehaztuko dira. Amasan eta 17:30etan hasita prebenjamin, benjamin, alebin eta infantil mailan finalerdiak jokatuko baitira.

Bestalde, jakinarazten da Amasan eta larunbatean, goizean 11:00tan Otaño-Otaegi eta Artaza-Nazabal Behar-Zanako pilotariak biak elkarren aurka jokatuko dutela eta arratsaldean, 16:00etan Gipuzkoako Infantilen banakako txapelketari dagozkion kanporaketak izango direla. Bertan, Behar-Zanako Peru Labaka, Jon Erasun eta Iñigo Irisarrik jokatuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!