Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren onespena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 5a, 14:43

Zizurkilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu ondoren, Udalak jendaurreko erakusketa-epea ireki du alegazioak aurkezteko. Gai hori dela eta ondorengo idatzia igorri du Zizurkilgo Udalak:

"Zizurkilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak hasierako onespena jaso du, eta hori aurrerapen garrantzitsua da etorkizuneko udalerriaren taxutze-prozesuan. Izapide hau egin ostean, dokumentua jendaurrean erakusgai jartzeko epea irekitzen da, interesaturik dagoen edonork aztertu ahal izateko eta, egoki baderitzo, bere alegazioak aurkezteko.

Honenbestez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Zizurkilgo udaletxean egongo da ikusgai datorren urtarrilaren 30a arte, eta gobernu-taldeak uste du aipatu epea nahikoa dela hiritarrek dokumentua kontsultatu eta euren proposamenak egiteko. Epea amaitutakoan, hiritarrek aurkezturiko ideiak aztertzeari ekingo zaio. Eta hurrengo urratsa behin-behinean onestea izango da, ondoren Gipuzkoako Foru Aldundira igorri, eta, honek onartutakoan, behin betirako onesteko.

Dokumentu honek garrantzi itzela du Zizurkilentzat, kontuan izanik bertan zehazten direla udalerria etorkizunean taxutuko duten ildoak. Behar da esan Udalak herriko hainbat eremuri erasaten dieten, eta urte hauen joanean antzeman diren gabeziak konpontzen dituzten proposamen ugari jasotzen dituen plana aurkeztu duela. Horien artean aipatzekoa da, duen garrantziagatik, 700 etxebizitza berriren eraikuntzari dagokiona, baina hurrengo 15 urtetan Zizurkilgo garapena gidatuko duten beste hainbat neurri ere jasotzen ditu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!