Aita Larramendi ikastolako eraikin berriaren inaugurazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:34

Abenduaren hiruan, Euskararen Egunaren harira, Aita Larramendi Ikastolak Bazkardon duen eraikin berriaren inaugurazioa egin zen. Ororen gainetik ikasleek egindako mosaikoa nabarmendu zen. Andoni Mendizabal arkitektoaren zuzendaritzapean eta  Arantxa Cano eta Ana Jesus Altuna irakasleen laguntzarekin, ikastolako ikasle gazteak eraikinaren dekorazioaren eragile zuzenak izan dira.

Euskararen egun handian, Xabier Eguna alegia, Aita Larramendi ikastolaren eraikin berriaren inaugurazioa egin zen. Atzera eginez, Bazkardon 1979 urtean martxan jarri zituen bi eraikinak solairu bakarrekoak ziren. 1990 urtean solairu bakarreko eraikin gehiago eraiki ziren inguruan. Oraingo eraikina 1979an egin zenaren gainean egin da. Berria dela esan daiteke, soilik paretak dira lehengoak. Beheko eta goiko solairuko azpiegiturak, zorua eta elementu guztiak berriak dira.

Inaugurazio ekitaldian udal agintariek eta gainerako instituzioetako ordezkariek eraikin berria ezagutzeko aukera izan zuten. Irekiera ofiziala zinta moztearekin bat etorri zen. Xanti Aranburu ikastolako zuzendaria lekuko zela zinta mozteari ekin zioten Josean Perez Gabarain herriko alkateak eta Iñaki Urruzuno ikastolako lehendakariak. Azken honek hitza hartu aurretik, ikastolako bost dantzarik agurra dantzatu zuten gainerako ikasleak kantari ziren bitartean. Bi kantu eskaini zituzten denera, biak ala biak euskararen aldekoak.
Iñaki Urruzunok eskerrak eman zizkien bertan izan ziren guztiei, “zuen laguntzagatik eta gure aldeko jarreragatik”. Besteak beste, Alkatea eta Udal ordezkariak, Hezkuntza saileko ordezkaria, Gipuzkoako ikastolen federazioko ordezkariak eta Partaidekoak gogoan izan zituen. Ahaztu gabe, noski, Andoni Mendizabal arkitektoa, Arantxa Arano, Ana Jesus Altuna, Unai Azpiroz, Iñaki Oiartzabal irakasleak eta, azkenik, mosaikoa egiten ezinbesteko izan diren Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak eta DBHko 1. eta  2. mailako ikasleak. Ikusgarriak dira mosaikoak, zinez. Urruzunok Euskara indartzen eta eraikitzen jarraituko dutela esanez amaitu zuen hizketaldia, “Aurtengo Kilometroetako leloak Eraikitzen zioen. Guk horrela jarraituko dugu”.

Xanti Aranburu zuzendariak hartu zuen hitza ondoren, “Ikastolako eraikin berriko mosaikoetan urteko sasoi guztiak bilduta daude. Obrak eta gure hizkuntzak duten antzekotasuna azaltzeko aipamena egin nahi nizueke. Eguneroko lanean aritzen gara euskara bultzatu nahian, espazio berriak irabazi nahian eta, nola ez, lehenik ditugunak txukundu nahian. Eraikin hau egiteko hainbat bilera eta ataka gainditu behar izan ditugu. Gauza bera gertatzen da euskararekin. Egunero espazio berriak eraiki behar ditugu, espazio berriak eskaini behar dizkiogu gure hizkuntzari. Beraz, obratan zuen guztion laguntza eskertzen dugun bezala, euskarari ere laguntzea aldarrikatu nahi dut. Euskara erabili dezagun, bereganatu dezagun. Mila esker guztioi eta egin euskaraz”.

Josean Perez Gabarain alkateak eskerrona itzuli zien ikastolako arduradunei, “Korporazio osoaren izenean ikastolako arduradunak zoriondu nahi ditut. Udalak dagokiona egin du, hezkuntzarekin eta euskarekin erabateko konpromisioa daukalako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!