Marizulo ikuskizuna, abenduaren 12an eta 13an Sarobe antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:33

Ikuskizunak aukera paregabea eskaintzen du Urnietako historiaren pasarte esanguratsu batzuk ezagutzeko, eta baita herriari lotutako hainbat kantu eta dantzaz gozatzeko.

Asteazkenean jarri ziren sarrerak salgai, eta izandako arrakasta ikusita, garbi dago emanaldien egunean bertan leihatilan salduko diren azken sarrerek ez dutela lortuko ikustera joan nahi duten herritar guztiei leku egitea.  

EGITASMOAREN NONDIK NORAKOAZ
2006. urteko udazkenean, Txanbolin txistulari bandako bi lagun, urtero Sanmiel jaiei hasiera emateko antolatzen zuten kontzertu herrikoia egin ordez, Urnieta gaitzat izango zuen emanaldi batean pentsatzen hasi ziren. Burura etorri zitzaien lehenengo galdera hauxe izan zen: Urnietarekin zerikusia duen musikarik ba al dago? Gauzak nola diren, Joxean Goikoetxearen bidez Urnietako doinua izeneko partitura bat bazegoela jakin zuten. Modu berean, aurreneko karlistadaren garaiko zenbait bertso aurkitu zituzten eta, hori gutxi balitz, pieza bereziren bat sortzeko gogoa ere piztu zitzaien.
Urnietako historia azaldu nahi zieten herritarrei, ez ordea ohiko aurkezle baten ahotik, antzerki moduko zerbait sortuz baizik. Baina, nork egingo lan hori? Lagun baten bidez jakin zuten horretan aritzen den gizon iaio bat bazela, eta gidoia lan zezan eskatu zioten hari.
Ordutik, pixkanaka-pixkanaka, harreman eta lankide sarea osatzen joan dira, (norbanakoekin, elkarteekin, erakundeekin...) makina bat buruhauste izan ondoren, eta hirurogeita hamarretik  gorako herritarren parte hartze zuzenarekin, 2008ko abendura iritsi dira, Urnietako herritarrei ikuskizun ederra aurkezteko unera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!