Udal batzarraldia, kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:31

Berriro ere Andoaingo udal ordezkariek Euskadi eta estatu mailako erabakien inguruan eztabaidatzen amaitu zuten Udalaren Osoko Ohiko batzarraldia. Oraingoan eztabaidaren abiapuntua jeltzaleek pentsio osagarrien inguruan aurkeztu zuen mozioan aurkitu behar da.
Jeltzaleek mozioa aurkeztu zuten EAren eta IUren babesarekin. Harritzekoa bada ere PP mozioaren defentsan atera zen. Horrek sozialisten harridura piztu zuen.

Honela dio mozioaren muinak: “Eusko Legebiltzarraren eskumen eremua defenditzeko eta 20.000 euskaldun baino gehiagok bizimodu duinagoa izan dezaten eta hilero 700 euroko gutxieneko soldata har dezaten, Andoaingo EAJ-PNVren udal taldeak Udalbatza Osoan ondokoa onartzea proposatzen du:
  • 1. Andoaingo Udalak Espainiar Gobernuari eskatzen dio Diputatuen Kongresuan eskatutako kopurura arte igo ditzala pentsiorik baxuenak.
  • 2. Andoaingo Udalak Espainiar Gobernuari eskatzen dio, pentsioak igotzeko konpromisoa betetzen ez duen bitartean, errespeta dezala gizarte laguntzan dugun eskumen esparrua, gure instituzioek gutxienez pentsio hauek osatzeko modua izan dezaten.
  • 3. Andoaingo Udalak bere hiritar guztiei gogorarazi nahi die pentsio baxuenen osagarria hartzeko eskubidea dutela, eta udalera hurbiltzeko gomendioa luzatzen die, informazio zabalagoa izan dezaten eta osagarri hau albait arinen tramita dezaten”.

PPren izenean Asun Guerrak jeltzaleei emanako babesa argudiatu zuen, “Koherentziaz egin dugu. Izan ere, Batzar Nagusietan ere jarrera berdina izaten ari gara gai honekiko”.
Estanis Amutxastegik oposizioko kideei oinarrian nahastuta zeudela adierazi zien, “Gauza bat da Gizarte Segurantza, Estatuko Gobernuaren eskumenekoa, eta beste bat, berriz, Gizarte Laguntza, Eusko Jaurlaritzaren Autonomia Estatutuaren eskumenekoa”. Gauzak horrela, sozialistek jeltzaleen mozioari aurre eginez kontramozioa aurkeztu zuten. Funtsean zera dio: “Andoaingo Udalak eskaera hau luzatzen dio Eusko Jaurlaritzari, Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legearen aldaketa aplika dezan, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik diru-sarrerak dituzten pentsiodunek zenbateko horretara iritsi bitarteko laguntza osagarri bat jaso dezaten”.

Gurutz Irigorasek sozialistei adierazi zien ez zuela ulertzen sozialisten jarrera, “PSE-EEk agintzen duen herrietan zergatik ez da martxan jartzen pentsio osagarrien inguruan Jaurlaritzak agindutako plana?”. Eta gaineratu zuen alor honetarako Jaurlaritzak sei milioi euro utzi dituela udalen eskuetan.

Mozioak bozkatu ziren eta hauexek emaitzak: Jeltzaleena atzera bota zen (7 aldeko, 8 aurkako). Sozialistena, berriz, aurrera atera zen (8 alde, 6 aurka eta abstentzio 1).
Ardura zeinen teilatuan eztabadaitzen aritu baziren ere, bi mozioetako azken puntua berbera da. Xehetasunak xehetasun, beharra duten pentsiodunentzat garrantzitsuena den puntuan bat datoz guztiak: “Andoaingo Udalak andoaindar guztiei gogorarazten die pentsio txikienen osagarria jasotzeko eskubidea dutela, eta udaletxera hurbiltzeko gonbita luzatzen die, informazio gehiago eskura dezaten eta osagarri hori lehenbailehen izapidetu dezaten”.
Gaiari azken hitza Andoaingo alkateak eman nahi izan zion. Josean Perez Gabarainek adierazi zuen beste gaietan gertatu den bezala, gai honetan ere Zapaterok eta Erkorekak ados jarri behar dutela.

EUSKARA
Ahobatez onartu ziren euskararekin lotutako bi gai: Lehena, Andoaingo Udalean Euskara Erabiltzeko III.Plana eta kontrato administratiboetarako hizkuntza betebeharrak jasotzen dituen eranskina eta Euskararen Eguna dela eta, Euskararen aldeko adierazpena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!