Peio Elzaburu Artzamendi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:27

Peio Elzaburu Artzamendi Pamiela argitaletxeko editorea da azken urteetan. Liburuak aurkezten nahiz Durangoko azokan ikusi ahal izango dugu egunotan, aspaldidanik Iruñean bizi den kaletxikitar hau. Andoaingo jendea berataz akordatzen da ETBk Durangoko irudiak botatzen dituenean, Pamielako mahaian zortzi-hamar urtez egon da eta. Bestela, giza harremanak ez ditu galdu.

Mantentzen al duzu harremanik Andoainekin?
Peio Elzaburu.
Lagunekin, Xaxitik Txindokirako gabonetako ibilbide hori, adibidez, ezinbesteko hitzordua da niretzat.  
Norberaren aberria haurtzaroa dela esaten da eta ni andoaindarra sentitzen naiz alde horretatik.

Gaztaroa behintzat Andoainen egindakoa zara.
P.E.
Ama goierritarra eta aita nafarra ditut, baina ezkondu eta gero Alegitik Kaletxikira etorri ziren. Bost urte nituen nik orduan. Ardo biltegia jarri zuen familiak auzo horretan. 60ko hamarkadako eromen urbanistikoaren eraginez nortasuna galdu ez zuen auzo bakanetakoa izan zen; auzotarrak sentitzen ginen han denok.

Garai korapilatsuak egokitu zitzaizkizun politikoki.
P.E.
Andoainen gertatu zen nire bizitzaren esnatzea: nortasuna, euskaltzaletasuna… Kultur bizitza handiko belaunaldia suertatu zitzaidan. Euskaltasuna eta modernitateta uztartu nahi zuen giroa bizi genuen; bertso zaharrak eta Rolling Stonen musika baloratze jakitea… Literaturara, adibidez, Bernardo Atxaga, bere anaiarekin eta beste zenbaitekin hurbildu nintzen.
Francoren garaian erbesteko bidea hartu nuen, eta ondoren etorri ziren BVEren erasoak familiaren aurka (furgonetari eta etxeko eskailerei su ematea, etxea tirokatzea …). Mexikon egindako bi urteak kenduta, Iruñean egin dut bizitza geroztik.

Nafarroan zure bizitza aldatu zen.
P.E.
Militantzi politiko aktiboa utzi eta kulturan sartu nintzen. Basamortua zen Iruñea euskal kulturaren ikuspegitik, eta sei bat lagunek Auzolan kooperatiba eta liburudenda sortu genuen. Oso profil militantekoa zen dena; agitazio kulturala egin nahi genuen, euskarak presentzia sendoa izanik. Gero etorri zen Pamiela aldizkaria, eta zama askoko kulturgileak inguruan. Ondoren Txema Aranazek pauso bat haratago eman zuen, eta Pamiela argitaletxea sortu. Egitasmo horretan sartuta nabil azken urtetan, editoretza ofizio hartuta; pribilegiatua naiz, alde horretatik

Euskal literaturaren erreferente zarete, egun.
P.E.
Murritza da gure produzioa ahalmena, 30 bat liburukoa urtean. Jendeak, hala ere, argitalpen zainduak egitea estimatzen digu. Nobela, poesia eta haur literatura euskaraz ateratzen dugu, eta saiakera eta dibulgazioa bi hizkuntzetan.

Ez zaizue erraza izango diru kontuak ondo lotzea…
P.E.
Ez du balio oportunismoak, sukaldaritzako liburu bat ateratzea dirua egingo dela pentsatuz. Benetan errentagarriena koherentzia eta identitate bati eustea da. Gure makinaria arina da, bost langilez osatua dago, eta gero satelite asko inguruan, ordainezineko laguntza ematen digutenak.
Gure argitaletxean urtero bizpahiru lokomotora dauzkagu, gainerako produktuak tiraka eramateko. Sarrionaindiaren “Ni ez naiz hemengoa” edo Atxagaren “Behi euskaldun baten memoria” liburuei esker beste hainbat liburu daude kalean, bestela egongo ez zirenak.
 
Oroimen historikoa duzue gairik jorratuenetakoa.
P.E.
Gerra zibila sakondu nahi dugu bereziki. Testigantzen atala nahiko jasoa dago, eta orain errepresio frankistaren zergatiak jorratu nahi genituzke. Hemen egon zen diseinu bat, naziek Alemanian edo faxistek Italian bezala, errepublikanismoaren burua kualitatiboki mozteko asmoz. Errebisionismo berriak hilketak ukatzen ditu edo justifikatzen esanez “herritarren arteko ezin ikusiak”, “bi aldeetan izan ziren gaiztakeriak”... Ez bada!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!