Katalogoa, Eguberrietako oparien gida

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:26

Iristear diren eguberrietan, 16 urte arteko haur eta gaztetxoentzako opariekin nondik hasi ez dakienak, ez dezala burua hautsi.

Beste behin, eskuragarri izango baita euskarazko produktuen katalogoa, adin tarte desberdinei zuzendutako jolas, irakurgai edota musikaren alorreko produktu bildumaren informazioarekin.
Gida honen laguntzarekin,  hezigarria den euskarazko produktua eskuratu ahal izango da (jostailuak, ikusentzunezkoak, liburuak, diskoak, jolasak, gurasoentzako materiala...). Zer esanik ez Katalogoa  baliagarria izango dela ikasleen bidez egunotan jasoko duten gurasoentzat. Jolastu, ikasi edota irakurri, baina euskaraz. Hori da Euskal Herri osoko 111 udal eta Mankomunitateetako euskara zerbitzuen helburu nagusia. Baita, merkatuko euskarazko produktu eskaintza ezagutarazi eta eskaera indartzea ere. Horregatik, beste behin, euskarazko produktuen katalogoa prestatu dute. Iaz baino 7.000 ale gehiago, guztira Euskal Herri osoan 267.000 katalogo inguru eskuragarri izango dira.

EHUNKA produktu
Hirurehundik gora produkturen inguruko informazioa biltzen du hamaikagarren ediziora ailegatu den katalogoak, bere irudi, izenburu, salneurri edota argitaletxeari lotutako datuekin. Gehienean, lan berriak iragartzen dira, aurten argitaratu edo merkaturatu direnak; musika, liburuak, aldizkariak, filmak, joko eta jostailuak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Guztira zortzi ataletan sailkatuta, kasu batzuetan, baita adin tarteka ere.

katalogoa.org
Internet sarean ere ikusgai egongo da honako helbidean: www.katalogoa.org  web orrialdean. Bertan, argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak biltzen dira, ia 400. Web orrialde horretatik, katalogoa PDF formatuan ere eskura daiteke.
Modu batean edo bestean, gidan bertan iragartzen diren produktuak merkatuan dira. Beraz, dagokien saltokietan aurkitu daitezke dagoeneko.

AIURRI TXIKI KATALOGOAN
Aldizkarien atalean, eskualdean ekoizten den produktua ageri da aurtengo katalogoan: Aiurri Txiki. Egun hauetan, gainera, Buruntzaldeko udalen laguntzarekin eskualde osoko ikastetxeetan banatu da Aiurri Txikiren 6.zenbakia. Helburu nagusia harpidetza berriak lortzea da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!