Leteren poesia eta gogoeta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:26

Egunsentiaren esku izoztuak izeneko poema liburua aurkeztu zuen Xabier Letek Pamiela argitaletxearekin, pasa den ostiralean Donostian. Hamasei urte igaro dira aurreko poema liburua (Biziaren ikurrak) argitaratu zuenetik.

«Nire izatearen, nire psikearen plegurik gordeenetan bildua legokeena argitara atera nahi izan dut liburu honetan» adierazi zuen Letek aurkezpenean. Bertan, gogoeta egin du azken urteetako bere bizipenak oinarri hartuta: iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri lotuz…
Durangon eskatuenetakoa izatera deitua dagoen liburua, orain hiru urte zendu zen Lurdes Iriondo, emazteari, eskaini dio; "Zuri, Lurdes, gure maitasunaren egoitzetatik", dio hasierako eskaintzan. Hona Lurdesi idatziriko Neguan izan zen izenburuko poesiaren pasarte bat:

Neguan izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan joan zinen
hain maiteak zenituen hartxoriekin batera,
mihiseak hotz gelditu ziren
eta etxe bakartian zure aztarrenak
bazter guztietan, horma esankorretan
irrifarre leun haiek
eta bizitza baten argazkiak,
neguan izan zen
eta espanturik gabe aldegin zenuen,
isil, zuzen, jakitun, jabe,
bizi zaitez, esan zenidan
saia gauza ederrak, maitatu jendea
eta ni… ni itxaroten egonen natzaizu.
Zer naiz irain, esaidazu
fereka nazazu
zure leialtasunaren hatz sotilekin,
neguan izan zen
zu aldendu zinenean,
ni ere urrun nago orain
eta bila nabilkizu goizaldeko ordu isiletan
dirudien guztiaren beste aldetik,
neguan izan zen.

LIBURUAK SEI ATAL
Atarikoak: Espriu, Pavese... itzulpenak.
Udazkenekoak: Nafarroako udaldietan gozatutako paisaiei eginiko kantua.
Vulnerant omnes: bizitzak eragindako zauriei buruz.
Joan zirenei: aita zenari, Julio Caro Baroja, Bitoriano Gandiaga, Imanol Larzabal,  hainbat idazle eta musikari.
Obaba: Obabari eta Bernardo Atxagari eskainitakoa.  
Neguan izan zen: duela hiru urteko neguan zendu zen Lurdes Iriondori eskainitako atala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!