David Bejarano entrenatzaile gaztea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 20:23

David Bejarano entrenatzaile gaztea da baina eskarmentu galanta dauka dagoeneko, azken urtetan Euskalduna futbol taldearekin jardun eta gero. Onenen txapelketa jokatzeko sailkatu du oraintxe jubenilen taldea. Etorkizunean gauza handiak egiteko deitua dago, eta bien bitartean, isilean eta pazientziaz egindako lanaren saria heldu zaio.

Euskaldunari lotua ibili zara beti, etxekoa zara beraz.
David Bejarano. Sei urte egin nituen jokalari bezala Euskaldunan. Erregionalean urte bete eginda, orkatilan lesioa jasan nuen, eta aldi berean lanean hasi nintzen. Nagiak jota utzi egin nuen. Entrenatzaile hasteko animatu nintzen orduan. Laugarren urtea daramat jubenilekin. Oso gustura nabil, gainerakoan ez nuke jarraituko. Astean bi orduko hiru entrenamendu eta gero asteburuko partida, horrela urte osoa… Hori zaletasunak bakarrik laguntzen dizu eramaten. Zaletasunak eta jokalariek sortzen duten giro onak. Bestalde, ez da ahaztu behar Xabier Arias materialaren arduradunak, Iker Etxebeste delegatuak eta hirurok oso talde jatorra osatu dugula.

Ez dakigunentzat, azaldu nola dauden egituratua gaur egun jubenilen mailak.
Bost maila daude orain. Goienekoa, ohorezko maila da; Realak eta talde handien filialak jokatzen dute hor. Ondoren liga nazionala dator, estatu mailakoa. Hirugarren, euskal liga, hiru herrialdeetako taldeekin; bost bat talde, Gipuzkoatik. Laugarren, lehen jubenila, gu barne. Eta azkenik, bigarren jubenila.

Lehen fasea jokatu duzue jada, eta pozik gainezka zaudete.  
D.B. Hamaika partidako lehen fasea jokatu dugu, eta mailaz igotzeko taldean sartu gara. Mailari eustea izan da gure helburua hasieratik, eta hori lortu dugu jada. Orain sei onenen arteko txapelketarekin hasi gara. Lehengo asteburuan jokatu genuen lehen partida, eta zerona berdindu genuen Mariñoren aurka.  

Non egon da gakoa, lehen fasean horren ondo aritzeko?
D.B. Lehenengo bi partidak irabazi egin genituen, eta horrek izugarri motibatu gintuen, bai bagenekien beste lau partida irabaziz gero onenen taldean sartuko ginela. Gure helburua zein zen argi edukita, partidaz partida joan gara; jokalariei gehiegizko presiorik ez diegu sartu, galduta ere ezer ez zela gertatzen esanez.

Taldekako lana ala jokalari zehatz batzuen apartekotasuna nabarmenduko zenuke?
Egia da hiruzpalau nabarmendu daitezkeela taldean, baina justu horiek lesionatuta eduki ditugu. Azkenean, taldea bera izan da partidak aurrera atera dituena.

Hasierako helburua beteta, zergatik ez jarri aspirazio handiagorik?
D.B. Orain askatasuna daukagu, ondo jokatzeko eta disfrutatzeko. Ikusi dugu bigarren geratu den taldearen eta gure artean ez dagoela hainbeste alderik jokoari begira. Horregatik, ez dago gaizki amestea eta pentsatzea igo gaitezkeela, baina beharbada geure buruari iruzur egitea litzateke. Sailkatu izana jokalarientzat saria da eta gozatu dezatela. Hemendik aurrera irabazten duguna, ongietorria izango da.
 
Jokalariak oso motibatuta dabiltzala diozu
D.B. Erabat. Egin kontu, gaur astelehena da eta euria ari du etengabe. Hala ere, denak etorri zaizkigu entrenatzera. Eta horrela berdin denboraldi osoan. Jarrera hori oso garrantzitsua da mailan hauetan, gauzak ondo egin nahi badira. Fase berrien erakusten ari diren jarrera ez da denboraldia bukatu dela pentsatzen duenarena; partida guztiak irabazi nahi dituztela erakusten ari dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!