Pilota jaialdiak Buruntzaldeko sei herrietan, abenduaren 28an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 3a, 11:57

Urnieta, Usurbil, Lasarte, Andoain, Astigarraga eta Hernanin pilota partiduak jokatuko dira goizean. Arratsaldean profesional mailako pilota jaialdia izango da Hernanin.

Buruntzaldeko pilotazaleek, hau da, Urnieta, Usurbil, Lasarte, Andoain, Astigarraga eta Hernaniko pilotazaleek, hitzordu garrantzitsua dute datorren abenduaren 28an. Herri horietan pilota sustatzeko lanean dabilen teknifikazio taldeak antolatuta, egun guztiko jaialdia izango baita egun horretan.

Egun horretan, goizean zehar, maila guztietako pilotariek partiduak jokatuko dituzte Buruntzaldeko 6 herrietan. Guztira 400 pilotari ariko dira: benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta afizionatu mailakoak. Gero eguerdian bazkaria izango da pilotari eta gurasoentzat Hernaniko Otsua enea sagardotegian, pilotari eta familikoentzako. Bazkari horretarako izen emateko herri bakoitzeko pilota eskolako arduradunarekin jarri behar da harremaneta.

Arratsaldean, pilota jaialdi interesgarria izango da Hernaniko kiroldegiko pilotalekuan, eta espero da pilotazale ugari bilduko dela bertan. Lehenengoko partiduan, Saralegi-Oteizak jokatuko dute Mendizabal-Argoteren kontra. Bigarrenean, Berasaluze VIII eta Beginok jokatuko dute, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizolaren kontra. Beginok jokatuko duen ala ez, oraindik zehazteko dago, eskutik operatu baitute duela gutxi. Lehenengo partida arratsaldeko 17:30etan hasiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!