Zarateko Benta, iraganeko islada

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:27

Zizurkilgo Zarateko Bentan jaio ziren Manuel eta Maritxu Aia. Gazte zirela Hondarribira joan zen familia osoa, baina ondo gogoan dituzte Zarateko Bentan bizitutako urteak.

Victoriano Aia, Manuel eta Maritxuren aita, Zarateko Bentan jaioa zen. Juana Arandia ama berriz, Amezketakoa zen. Gaur egun erorita dagoen Motzane baserrira etorri zen lanera, neskame. “Hilean pezeta bat irabazten omen zuen amak Motzanen. Bertan zegoela aita ezagutu eta ezkondu egin ziren”, azaldu du Maritxuk. Zaraten jaio ziren Victoriano eta Juanaren zortzi seme-alabak: Anttoni, Manuel, Laxaro, Ramon, Loren, Maritxu, Joxe Antonio eta Joxe Fermin. “Denak gela berdinean jaio ginen. Motzaneko Juana Pagola aritzen zen emagin lanetan. Etxeko norbait hiltzen zenean ere hura etortzen zen laguntzera. Nire anai-arreba gazteagoak jaio zirenekoak ondo gogoan ditut. Maritxu jaio zenean elurte galanta bota zuen. Normalean haurra jaio eta hurrengo egunean bataiatzen zen, baina Maritxu bi egunera eraman zuten elizara, elurtea zela eta”, gogoratu du Manuelek.
Joxe Fermin, anaia gazteena, hilabete gutxi zituela hil zen: “Asma zuen eta garai hartan ez zegoen aurrerapenik. Gure aita oso sinesduna zen eta gogoan dut nola sendagileari deitu baino lehen errosarioa errezatu genuen. Hil zenean, aitak astebete osoa egin zuen hitzik egin gabe”, azaldu dute anai-arrebek.
Zortzi seme-alaba izan zituzten Victorianok eta Juanak, baina beste ume bat ere hazi zuten: “Satxota baserrian martxa txarra zegoela eta, umeak entregatu egin zituzten. Gure etxera Pakita Agote etorri zen, gure arreba zaharrena baino zaharxeagoa zena. Pagamendin eta Motzanen ere Satxotako ume bana hartu zuten eta beste ahizpa bat Bartzelonara joan zen”.

Zaraten eskola
Etxean zuten eskola Zarateko haurrek. “Senide zaharrenak Zarateko eskolan aritu ginen eta bi gazteenak herriko eskolara joan ziren. Gure osaba Ramon zen eskolako irakasle. Inguruko baserrietako haurrak gure etxera etortzen ziren: Zarate Etxeberrikoak, Pagamendikoak, Motzanekoak, Altxurriagakoak, Lizardikoak..., Ziasoroko hiru neska ere gure etxean ibili ziren, nahiz eta urruti geratu”, azaldu du Manuelek. “Denbora dexentez ibili ginen eskolan, baina ez genuen askorik ikasi; bi liburu txar besterik ez genuen eta! Dotrina bai, hura ederki ikasi genuen. Nik hogei bat urte nituela desagertu zen Zarateko eskola, osaba hil zenean. Maritxu eta Jose Antonio anai-arreba gazteagoak herriko eskolara joan ziren”, gogoratu du Manuelek. “Zizurkilgo eskolan galarazita genuen euskaraz hitz egitea. Askotan zigortu ninduten horregatik. Goizean jaisten ginen plazara, amak prestatutako janari goxoa hartuta. Behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan, bazkaltzera joaterako, Pantxikaneko dendan egoten zen Joxepa Anttonik nire bazkaria jan izana. Zianbrera ireki eta gustukoa bazuen, jan egiten zuen. Horrelakoetan arrautza frijitua eta txorixoa ematen zizkidaten bazkaltzeko”, gogoratu du Maritxuk irribarretsu.

Mezetara, lastaola hartuta
Zarateko familiakideak igandero jaisten ziren Zizurkilera, mezetara: “Apaiza jaikitzerako han izaten ginen gu, goizeko 06:30etako mezetarako. Oinez joaten ginen plazara, lastaola hartuta. Lastoz egindako suzia izaten zen hori. Batzuetan argi ederra egiten zuen, baina beste askotan sua itzali eta ke pila ederra irentsita iristen ginen plazara. Farolak ere erabiltzen genituen”, aipatu dute Maritxuk eta Manuelek. “Plazara iritsitakoan apaiz etxean oinetakoak aldatzen genituen, izugarrizko loiak izaten baitziren bidean”, gaineratu dute.
Zarate etxea benta izan zen aspaldian, baina garai hura ez zuten ezagutu Manuelek eta Maritxuk. “Gurasoak ezkondu eta urtebete ingurura etxea erre zitzaien, 1927 urte inguruan. Hortik aurrera ez zen gehiago benta izan. Guk ezagutu dugu, uztailaren 18an Tolosaldeko jendea Oriora oinez nola joaten zen. Zaraten jateko zeozer eta edariak jartzen ziren pasatzen zen jendeari eskaintzeko, baina tabernarik ez dugu ezagutu”, azaldu du Manuelek.

Baserriko lanak
Eguneroko bizimodua ez zen erraza Zaraten: “Sei behi genituen ukuiluan eta lanerako idiak ere bai. Ardiak eta txerriak ere izaten ziren. Apustuko harri bat badago Zaraten, baina nik ez dut ezagutu apusturik. Lanerako behar izaten ziren orduan idiak, ez jokorako. Soroan artoa, garia, patatak, babarrunak..., egiten genituen. Urtean berrogei meta inguru egiten ziren. Artoa zuritzeko garaian ere izaten zen zer eginik. Egun haietan, artoa zuritu eta gaztainak jaten genituen. Babarrunak, gaztainak eta taloa ohikoenak. Ogia ere jaten genuen. Amaren ahizpa, Maria, Zarate Etxeberrin bizi zen eta haiek etxean labea zutenez, ogia egin eta ekarri egiten zigun”.
Soldata bakarra sartzen zen Zaraten, Victorianak ekarritakoa: “Larunbat goizetan Tolosako azokara joaten zen ama etxeko generoa hartuta. Zaldiz joaten zen Villabonara eta han trolebusa hartzen zuen Tolosara joateko. Lortutako diruarekin, etxean behar ziren gauzak erosten zituen. Orduan bai gerrikoa estutu!”, diote umoretsu. “Esnea Otazu baserrira ere eramaten zen, han zegoen letxeroa”.

Ez urik eta ez argirik
“Argindarrik ez genuen ezagutu etxean, ezta urik ere. Kandelak erabiltzen genituen eta oso arriskutsua zen. Ganaduari emateko belarra etxean gordetzen zen orduan eta edonon izaten zen belar izpiren bat. Nik ez dakit nola ez genuen etxea erre”, azaldu du Manuelek. “Urik ere ez genuen etxean”, gaineratu du Maritxuk. “Inguruan zegoen Sarbietako iturritik ekartzen genuen etxerako ura eta Manditurriko ura erabiltzen zen behientzat. Etxearen ondoan beste putzu bat izaten zen eta hango ura garbiketarako erabiltzen genuen. Arropa garbitzera Sarbietara joaten ginen. Hantxe zegoen arropa garbitzeko harria”, azaldu du Manuelek.
1957an Zarate saldu eta Hondarribira joan zen familia osoa. Manuelek hogeita bost urte zituen, eta Maritxuk hamairu. Semeonea etxea erosi eta Hondarribian bizitu zen familia aurrerantzean. Manuel bertan bizi da gaur egun ere. “Gure gurasoek saldu ondoren, esku askotatik pasa zen baserria, baina inor ez zen bertan bizi izan. Inguruko etxeak erortzen joan dira eta Zaraterekin berdin gertatuko zela pentsatzen genuen, baina jabe berriak berritu egin du eta horren polita ikustean, pozez txoratzen gaude” diote. 


BASERRIA KUARTEL BIHURTUA
Gerrate garaiak gogorrak izan ziren Zaraten. “Gerra garaiko bonba bat bazuen etxeak paretean sartuta. Bonba hura kendu eta txatarretara eraman genuen. Oraingo etxe jabeak etxea berritu zuenean, kanpoa lehen zegoen bezalatxu mantendu nahi zuen eta beste obus bat jarri zion, baina ez da benetakoa”, dio Manuelek. “Zarate gorriek hartu eta kuartel bihurtu zuten. Belkoaindik botatzen zituzten kanoi tiroak Zaratera. Bederatzi granadek jo omen zuten etxea eta hala ere zutik mantendu zen eta familiako inor ez zuen harrapatu, nahiz eta larri xamar ibili omen ziren. Aitak esaten zuenez, behien azpietan gordetzen ziren”, gogoratu dute.
Manuel oso umea zela etxetik atera behar izan zuten eta ondo gogoan du pasadizo hura: “Kapazo handi bat arrastaka nuela atera nintzen etxetik. Amak prestatutako arropak izango ziren, noski. Gainetik oiloen jana jarri zuen amak eta oiloei deituz, disimulatuz atera ginen etxetik ama eta anai-arreba zaharrenak. Falta ginela konturatu zirenean, atzetik tiroka abiatu ziren, Azkarateko gainean. Haundi baserrian pasa genituen pare bat egun eta handik Villabonara joan ginen, Juanito Barberen etxera. Aitak ahal zuen moduan pasa zituen egun haiek, Juanito Barberekin batera, gordeta. Hamabost egun inguru egin genituen Villabonan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!