Parke eolikoaren egitasmoa Gazumen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:25

Azaroaren 26an, Sagain mendi elkarteak antolatuta, parke eolikoen inguruko mahai-ingurua izan zen udaletxean. Gazumeko egitasmoa izan zen hizketagai nagusia.

Sagain mendi elkarteko kideek Gazumen parke eolikoa eraikitzeko egitasmoa aspaldikoa dela ikusita, kezka sortzen duen gaia dela adierazi zuten mahai-inguruaren hasieran eta, aldeko zein kontrako iritzia izan, etxe parean posteak jartzeak denak kezkatzen gaituela; gertutasunari begira, asteasuarrak bereziki. Parke eolikoen inguruan hitz egiteko, Eusko Jaurlaritzako Energia Berriztagarrien saileko arduradun Jabier Marques eta SEO Birdlife Gobernuz Kanpoko erakundeko kide Ramon Elosegik euren iritziak azaldu zituzten, gerturatutakoen galdera eta iritziekin eztabaida hasi aurretik.

Alde eta kontra
Jabier Marques-ek energiaren erabileran, eraginkortasuna eta aurrezkia kontuan hartu beharreko bi ezaugarri direla azaldu zuen eta  energiarik garbiena kontsumitzen ez den energia dela gogorarazi zuen. Euskadi mailan errekurtso energetikoa urria dela eta kontsumoa altua azpimarratu zuen eta adibide modura, Euskadin energia dependentzia %95ekoa dela aipatu zuen, Portugalgo %98arekin batera, Europako altuenetakoa. Energia berriztagarrien artean,etorkizunera begira, minihidraulikoen aprobetxamendua, parke eolikoak nahiz eguzki energia sistema indartzea, hondakin biomasa handitzea eta itsas energia erabiltzea nabarmendu zituen eta Gobernuak, azken energia mota hori indartzeko asmoa duela aipatu zuen. Gazumeko parke eolikoa dela eta, administratiboki eman diren pausoez soilik hitz egin zezakeela azaldu zuen Marques-ek. “Gazumeko egitasmoa Orisol enpresari esleitu zaio eta aurre kontsulten fasea aurrera doa. Oraindik hasi berria da bidea”. Ramon Elosegik haizean oinarritutako energia segurua ez dela esanez hasi zuen bere hizketaldia, “iberiar penintsulan ez baita haizerik izaten askotan”. Ondorioz, parkeak haizea seguruagoa den lekuetan eraikitzen dituztela salatu zuen, “mendi gailurretan”. Elosegik, parkeek ingurugiroan eragiten dituzten txikizioez baino, hegaztiengan duten eragin kaltegarriez hitz egin zuen. “konponbidea bilatzen saiatu arren, txoriek haize erroten hegalen aurka talka egiten jarraitzen dute”. Bestalde, LIC-ak Europako biodibertsitatea mantentzeko leku babestuak direla jakinarazi zuen eta Gazume, interes handiko gune horietako bat dela. “Gu energia berriztagarrien aldekoak gara baina, ez edozein lekutan”. SEO Birdlife erakundeko kideak, Gazumen 1,7 kilometrotan zehar bederatzi haize-errota jarriko liratekeela  adierazi zuen, “mendi-gain guztia hartuz”.

Galde-erantzunak
Ikusle batek, parkerik gabe, energia eolikoa sortzeko aukerarik ba ote legokeen galdetu zuen, mendian beharrean, haize-errotak zona urbanoetan jar ote daitezkeen. Marquesek “haizea dagoen tokian dago; Euskadi mailan, mendi gailurretan. Energia eolikoa aprobetxatu nahi bada, beraz, goran jarri beharko dira errotak”, erantzun zuen. Beste ikusle batek, Oiz mendia parkea jarri aurretik nahiko puskatuta eta gaizki zainduta zegoela aipatu zuen eta han parkea jartzea ulergarria dela, baina babestuta egon beharko lukeen gune batean?, galdetu zuen. Jabier Elosegik, gure lurraldean, gune babestuak %20 besterik ez direla adierazi zuen eta oso gaizki aukeratutako tokia dela Gazumekoa erantzun zion. “2010ean eoliko bidezko energia%12-a izateko ilusioa ondo iruditzen zaigu baina, urte bererako biodibertsitatearen aurkako jarduna geratu nahia ere sinatu da. Irtenbide egokia aurki badezakegu, zergatik jo irtenbide errazenera?”. Gazumeko parkearen inguruan herritarrei oso informazio lausotua eta urria zabaldu zaiela ere aipatu zen ikusleen artean. Komunikabideek hitz egiten duten bitartean herrian ez dela ezer argitu. Jabier Marquesek egitasmo hau eta besteen artean alderik ez dagoela adierazi zuen. “Etxera ez da informazio hori iristen baina udaletxean eskatuz gero, arazorik gabe eskura daiteke”. Gune babestu batean parkea zergatik jarri behar den galderari “gune babestua bada eta ezin bada parkerik jarri, Ordunten bezala, ezezkoa esan behar du Gobernuak. Ingurumen teknikoek alde negatibo eta positiboak ikusi beharko dituzte eta Ingurumen sailak erabaki beharko du zer egin. Herritarrek euren alegazioak egiteko aukera izango dute eta azken batean, gizarteak erabaki beharko du aurrera edo atzera egin. Eoliko edo eguzki bidezko energia ez bada, beste aukera batzuetara jo beharko da. Ni biodibertsitatearen alde nago baina baita energia berriztagarriena ere”, azaldu zuen Jabier Marques-ek. Elosegik, haize gutxiko parkeak ez direla errentagarriak azaldu zuen, “badaude LIC-ak ez diren lekuak eta andeatuta edo degradatuta daudenak. Ondo zaindutako paisaia eder gutxi geratzen da Gipuzkoan. Dauden gutxi horiek babestu egin behar direla uste dugu”.

Parte-hartze handia
Mahai-ingurua interesgarria ez ezik, parte-hartzailea izan zen. Galdera, iritzi eta proposamen ezberdinak entzun ahal izan ziren. Herritar batek hainbeste parke eta azpiegitura eraiki beharrean, kontsumoa jaisteko kontzientzia piztu behar zela adierazi zuen. Beste batek, energia berriztagarriak gizarteak eskatzen dituela, baina horren truke, energia zikinak kanporatuko diren esperantzaz. Egun, ordea, biekin egin daitekeela topo. Helburua energia aurreztea baldin bada, hainbesteko potentzia eskatzen duen AHT-a bezalako egitasmoak bideratzea nola izan daitekeen posible ere galdetu zen.
Sagain mendi taldeak, bere aldetik, gaia jorratzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen eta informazioa herritarrei jakinaraztekoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!