Klandestinoa Francoren ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:20

Orain 50 urte Franco Andoainen izan zen bisitan. Ildefontso Iriarte Pontxo-k kontatu du argazki famatuaren atzean dagoen istoriotxoa.

Nolaz hasi zinen lanean Sapa lantegian?
Ni Araitz bailarakoa (Nafarroa) naiz berez. Bilbon peritaje industriala ikasi eta Puertollanon hasi nintzen lanean. Han urtebete neremala Bonbas edo Sapan hasteko aukera izan nuen 1956an. Orduantxe abiadura handiko kanoi antiaereoak egiten hasita zeuden; patente sueziarra zuten eta teknologia aurreratukoak ziren.
Gustura hasi nintzen hasieran, ikasteko aukera ere ematen zidalako, nahiz jakin ez zela luzaroko kontua, ordurako klandestinitatean sartuta bainengoen.

Zer zela eta etorri zen Franco Sapa bisitatzera?
Guk Francoren Gerra Ministerioarentzat egiten genituen kanoiak, eta harek NATO eta Arabia Saudirekin kontratuak sinatu zituen. Orduan, Calonge gerenteak lortu zuen Franco etor zedin lantegira, Donostian uda-pasa zegoen aitzakian. Kanoiak egitea, zeinen gauza zaila eta garestia zen saldu nahi zion.

Nola prestatu zen bisita lantegian?
Abuztua zen eta oporretan ginenez, etorri beharreko langileen zerrenda egin zuten; ikertu zuten zein bai zein ez azaldu. Fitxatuak zeudenak edo 1952ko greban nabarmendu zirenak bazterrean utzi zituzten. Ez dakit, Martutenen 15 egun eduki zituzten orduan, ohi zenez.
Prestaketa handiak egin ziren aurrez. Pasabide zabalak jarri behar ziren, izugarrizkoa zelako Franco inguratuz joan ohi zen komitiba, bizkartzain eta poliziaz jositakoa. Itxura egiten jarri ziren langileen ondoan, poliziak ere jarri ziren buzoak jantzita.

Zein une agertzen du argazkiak?
Bisitan zehar, Calonge kainoaren aldeko kanpaina egiten ari zela “Fíjese usted, todo este material es de plata”, esan zion Francori. Honek, orduan, zergatik zen zilarra eta ez beste material merkeagoa, galdetu zion. Calongek ez zekien zergatia, eta etortzeko eskatu zidan niri. Argazkian, zergatik den zilarra azaltzen diot Francori.

Andoaingo herri osoa joan zela Francori harrera beroa egitera, horixe dio orduko prentsak…

Ez zen esaten den aklamaziorik egon. Baina jendea joan zen, herriko eta inguruetako faxistaz gain, Franco ikusteko irrikaz egoten zen txoro ugari.

Zurekin ez zuten susmorik hartu?
“Ea zer egiten duten nirekin”, hori zen nire galdera bisita aurreko denbora guztian; izan ere, Eusko Gaztediko borrokakide ugari erori zen garai hartan. Baina tira!, fitxatu gabe nengoela artean, horixe atera nuen ondoriotzat.

Klandestinitate kontutan sartuta zeunden ordurako, beraz…
ETA erakundea sendotu eta jendea definitzeko, urtebeteko prozesua eman zen. Behin 1959an erakundea sortuta, segurtasun arazo zorrotzak geureganatu genituen, Alemaniako Alderdi Komunistak nazismoan erabilitakoak ikusita. Eta ondoren, hiru zeregin hartu genituen nagusiki: jendearen formakuntza, propaganda eta parte hartzea herri mugimenduetan. Bandera espainiarraren erretzeak eta ikurrina jartzeak izango ziren, beharbada, ekintzarik ikusgarrienak.
 
Zergatik hautsi zenuten EAJrekin?
Honekin ez genuen alde handirik ideologikoki, baina alderdi hori Europako sozialdemokratekin eta estatuko PSOErekin, ez herriko sozialistekin, zegoen konprometituta. Askatasuna eta demokrazia Europatik etorriko balitz bezala. Gu abertzale ginen antifrankista baino gehiago, eta Franco hil arren, Euskal Herriak zapalduta jarraituko zuela pentsatzen genuen.

Kartzelatik pasatakoa zara…
1961eko abuztuan erori nintzen, beste hainbatekin batera. Zarautzen bandera erretzeagatik bat atxilotu, eta atzetik beste 60 bat lagun sartu gintuzten kartzelan; Andoainen sortua nuen taldea tartean. Zortzi hilabete eginda, kalean utzi ninduten. Sei hilabetera, ostera, atxilotu egin ninduten. Orduan gerra kontseilu batek 9 urteko zigorra ezarri zidan. Karabantxelen nengoela jaio zen Maddalen alaba, eta bi urte eta erdira ezagutu nuen. “25 urteko bakea” eta aita santuaren heriotza zirela eta, lau urte baizik ez nituen egin barruan.

Nolako tratua jaso zenuen denbora horretan?
Hemengo komisaldegian Manzanas zerri harekin lehenbizi eta Madrilen gero, torturak jasan nituen; gorputzean markak dauzkat harrezkero. Hala ere, porraz jo ninduten bakarrik. Beste gizarajo batzuk, haiek bai jaso zutela egurra latza! Ordukoak astapotro hutsak ziren; sofistikatuagoak dira gaurko egunean torturatzerakoan.  

Atxilotu artean, zertan ibili zinen Andoainen?
Bazeuden EGIkoak herrian, baina zaharrak eta beste mentalitate batekoak ziren. Nik gaztediarekin lan egin nahi nuen. Ikusten nuen mugatua zela Laborde, Sapa eta horietan erakusten zietena; euren lantegietan aritzeko ofizioa, besterik ez. Osotasunean formatu nahi nituen, eta horregatik, eskola sortu nuen 16 urteko 21 ikaslerekin. Kale Nagusian irekia egoten zen Acción Catolicako egoitzan hasi ginen, ping-pong-eko mahai batekin eta etxetik ekartzen genituen aulkiekin. Gurasoek atzera bota nahi zuten ideia, baina eskerrak gazteek gogotsu heldu zioten! Eugenio Arregik ere lagundu zidan; nahikoa izan zen “askatasunean hezi behar ditugu” esan izana hari.
“Gero Sapatik Errenterira lanera joan nintzen arren, egunero klaseak ematen jarraitu nuen ilunabarretan. Lau bat urte iraun zuen eskolak; eta bitartean, igandeetako irteeretan-eta nire hitzalditxo politikoak ematen nizkien” azaldu du Pontxok.

Pontxo, Leizaur 10 aldizkarian
Asteazkenean aurkeztu zen Leizaur 10 aldizkaria Andoainen. Pontxo Iriarteren testigantza biltzen duen ikerketa dator tartean; Andoain eta frankismoa 1952-1966 epealdian deskribatzen duen Peio Urrutia historialariaren idazlana da, hain justu.
Horrez gain, beste hiru historia ikerketek osatzen dute Leizaur 10 aldizkaria. Bata, Jesus Manuel Perezek Goiburuko aztarnategi erromatarrari buruz egin duen azterketa da. Bigarrena, Ameriketara emigratu zuen Nemesio Olariaga Andoaingo abertzalearen biografia da, eta Juan Maria Irusta andoaindarrak idatzi du. Sergio del Campok Andoaingo San Martingo organoa gaitzat hartuta egindako lana da hirugarrena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!