Bateginik, baldintza duinen alde lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:16

Hirugarren munduaren inguruan ekintzak eginez, kontzientzia sortzea helburu zuela sortu zen Bateginik taldea. Azken urteetan, Bidezko Merkataritza jorratzen du herrian.

Zein helbururekin lantzen duzue Bidezko Merkataritza?
Guztiok egunero erosten dugu zerbait eta erosten dugun horren inguruan kontzientzia sortu nahi dugu: zer eta non erosten dugun, nola erosten dugun eta horrek zein eragin duen. Hemen erosten dugun zerbaitek Malin eragina daukala besterik gabe ulertzea oso zaila da eta Bidezko Merkataritzak hori azaltzeko aukera ematen du. Saltzeaz gain, sentsibilizazio lana egiten dugu. Jendea erostera etortzen denean, azaldu egiten diegu zer den ekimena. Hasieran jendeak eskupekoa emateko ohitura zuen eta guk, eskupekorik eman behar ez zutela azaltzen genien; ordaindu behar zutena ordaintzen ari zirela. Nolabaiteko lan pedagogiko hori egin eta gero, orain jendeak ulertzen du gutxi gorabehera zer den.

Ezagutzen ez duenari, nola azalduko zeniekete ekimena?
Bidezko Merkataritza, azken batean, hegoaldeko herrialdeetan dauden ekoizleek euren produktuak saltzeko aukera izatea litzateke, bai iparraldean eta bai mundu osoan. Salmenta hori guztia baldintza duinetan izatea eta euren lanagatik ordaintzen diotenagatik, hemengoak bezalaxe, duintasunez bizitzeko aukera izatea. Mundu mailako merkataritzan dauden arauak berdinak ez direlako, hegoaldeko ekoizleek ez dauzkate iparraldekoen baldintza berak. Arauak aberatsak jartzen ditu eta behartsuak bete egin behar du. Ondorioz, mendekotasuna sortzen da eta gure helburua horrekin amaitzea da. Hegoaldeko herrialdeek baldintza normaletan produktuak saltzeko aukera izango balute, ez lukete aparteko beste laguntzarik beharko. Berez ez genuke Bidezko Merkataritzaz hitz egin behar; dena bidezkoa balitz, ez bailuke egon behar. Hori, ordea, ezinezkoa da.

Beste talderen batzuekin koordinatuta egiten al duzue lan?
Donostian Caritasek duen dendatik ekartzen ditugu produktuak. Gipuzkoa mailan, Villabonan bezala, beste herri batzuetan ere badaude taldeak. Bakoitzak bere maiztasuna du postuak jartzerakoan. Talde batzuk elkarren artean koordinatuta funtzionatzen dugu. Pixkanaka sarea handitzen ari da eta bakarkako lanean aritu beharrean, garrantzitsua da sare horietan sartzea.

Nola funtzionatzen du Bateginik taldeak?
Hilean behin zortzi lagun biltzen gara eta kalera ateratzen dugun denda bideratzen dugu. Maiatza edo ekainean, elkartasun afaria antolatzen dugu Bidezko Merkataritzako produktuekin. Urtero, hegoaldeko herriren bateko esperientzia azaltzeko norbait gonbidatzen dugu afarira. Ikastetxeekin hainbat ekimen antolatu dugu eta aurrera begira ere baditugu asmo gehiago. Gaurko bizimoduan, ordea, egiten dugunaz gain lan berriak egiteko indar mugatua dugu.

Produktuen artean aukera zabala eskaintzen duzue…
Azken urteetan eskaintza geroz eta zabalagoa da. Hasieran lauzpabost produktu saltzen zen: txokolatea, kafea, tea, azukrea… Orain makarroiak, frijoleak, ron-a, marmeladak, eztia, arroza, galletak…, denetarik saltzen da.

Hileko lehen igandean ateratzen duzue denda kalera…
Hasieran Gabonetan soilik jartzen genuen postua baina, jarraipena eman behar geniola erabaki genuen eta duela sei urte, hilean behin postua jartzeko konpromisoa hartu genuen. Hilero, lehen igandean, Gurea zinemaren aurrean jartzen dugu postua, 12:00etatik 14:00etara. Datorren igandean, abenduaren 7an, hantxe izango gara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!