Hiru saioko ikastaroa, ekonomiaz eta krisiaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:15

Aritza kultur taldeak Euskal Herriko ekonomia eta krisia aztertuz, hiru saioko ikastaroa antolatu du. Abenduan, urtarrilean eta otsailean Mintzola etxean aztertuko da gaia

Orain artean, Euskal Herriko historiako gaiak aztertu eta jorratzeko ikastaroak antolatu ditu Aritza kultur taldeak. Oraingo honetan egungo egoerari begiratuta, bestelako bidea hartu du. Aritza kultur taldeko kide Enrike Lahidalgak azaldu duenez, “kultur talde gisa, ekonomia eta krisia oso eguneroko gaia dela pentsatzen dugu, gaurkotasun handia duena. Komunikabideetan egunero lantzen diren gaiak aztertuko dira ikastaroan baina, saio interesgarriak izango direla iruditzen zaigu”. Hiru saio eskainiko dira eta saio bakoitzean, gai eta bide ezberdinak: “lehen saioaren helburua krisiaren zergatia ulertzea da, ez da gai erraza baina saiatzea komeni dela uste dugu. Bigarren saioan agortze bidean dela esaten den kapitalismoaren ikuspegia azalduko da. Hirugarren eta azken saioan, berriz, Euskal Herria ekonomikoki nola kokatuta dagoen aztertuko da, zein indar daukagun”. Aritza taldeko kideek gaiarekiko interesa duten guztiei egin nahi die ikastaroan parte hartzeko gonbidapena, “bizimoduarekin kezkatuta dagoen orori egiten diogu deia. Askatasun osoz, norberak aukera dezake saio guztietara edo bakanetara, zeinetara etorri”.

Egitaraua:

  • Abenduak 15, astelehena
    Gaurko ekonomia sistema eta krisia: Joseba Felix Tobar-Arbulu
  • Urtarrilak 12, astelehena
    Kapitalismoa eta globalizazioa: Txente Rekondo
  • Otsailak 16, astelehena
    Euskal Herriko ekonomia eta aukerak: Oskar Arantzabal
    *Saioak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, Mintzola etxean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!