Herria Kantuz ekimen berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:11

Datorren abenduaren 13an, herrian kantua izango da nagusi, beteko da hainbat herritarren ekimenez. Antolatzaileek abestea gogoko duen orori egiten diete parte hartu eta ondo pasatzeko gonbidapena.

Hainbat villabonatar, Loatzo musika eskola, Oinkari dantza taldea, Udala, Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzen artean, Herria Kantuz ekimen berria jarri da abian. Abenduaren 13an, larunbatarekin, kaleak kantu eta doinuz beteko dira iluntzeko 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek garbi dute helburua: “herri giroan, euskal abestiak abestuz arratsalde atsegina igarotzea”. Herritar guztiei egiten diete parte hartzeko gonbidapena. “Herriko kaleetan barrena ibiliko gara, tabernaz taberna; hori ere mantendu beharreko ohitura baita. Euskal abestiak abestea gustuko duten herritar guztiak animatu nahiko genituzke”.
Guztira 32 kantu aukeratu dituzte (Baldorba, Habanera, Eperra, Furra-furra) eta kantu horiekin liburuxka kaleratu dute parte hartzaileentzat abestea errazagoa izan dadin. “Badaezpada, inork kantuak aurretik entzun nahiko balitu, CDan ere grabatu ditugu abestiak”. Kaleratu aurretik, abenduaren 11n, ostegunarekin entsegua egingo dute Musika Eskolan 20:00etan.

Aurretik gaztain-jatea
Kantuan hasi aurretik, giroa eta barrua pixka bat berotzeko, gaztain-jatea izango da lehenengo Errebote plazan 18:00etan. Ordubete geroago emango zaio hasiera hainbat musika tresnek lagunduko duten kalejirari.
Santio jaietako ekintzatan bezalaxe, herritarrek ekimen berrian ere parte hartzea espero dute antolatzaileek. “Abenduaren 13a izango da lehen hitzordua eta jendeak gogoa erakusten badu, aurrera begira ere abesteko bilkurak ez ezik, kantuaren inguruan afari nahiz bazkariak antolatzeko asmoa dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!