Adostasuna lortu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:09

Mari Anjeles Lazkano alkateak Zentro tabernaren inguruan sortu den ika-mikaz hitz egin du eta berriro gaiari eutsi eta irtenbidea aurkitzeko gogoa azaldu du.

Zentro tabernaren inguruan sortutako ika-miken inguruan, zein da Udalaren jarrera?
Nik ez dut polemikarik piztu nahi. Zentroko gaia dela eta bilera dezente egin da eta adostasunera iristeko aukeraren bat egon zitekeela bazirudien arren, argi dago ez garela gai izan. Akordiorik ez lortzeko gairik potoloena epearena izan da. Orain arte Iriartek taberna bezala funtzionatu duenean, bost urte gehi beste bost luzatzeko aukera izaten zen. Legeak ere bere mugak jartzen ditu eta ezin izaten da nahi den guztia egin.

Zentro zaharra botatzea nahiko segurutzat jotzen al da?
Une honetan Hiri-antolamendutik kanpo dago lokal hori. Egoera horretan egonda eta inguru hori txukundu behar bada, aztertu beharreko gaia izango da hori ere. Zentroa botatzen bada, kokapen berria eta gaia nola bideratu erabaki beharko da. Azken hiru edo lau legealditan udaletxean behin eta berriro mahai gainera ateratzen den gaia da Zentrokoa. Batzuetan irtenbidea gertuago edo errazago dagoela iruditzen bazaigu ere, beste batzuetan zailxeago ikusten da. Une honetan bilerak moztuta dauden arren, ez dut uste herritarrak gaiari berriro heltzeko itxita daudenik eta guk ere irtenbidea bilatzen jarraitu behar dugu.

Zein da Udalak egiten duen proposamena?
Elkarrizketetan ibili garen bitartean, beste eskaera batzuk ere izan dira Iriarte etxearen inguruan. Lokal horrek, edozein ekintza burutzeko arazoak dituela jabetu gara eta horietako bat aktibitatearen arazoa da. Bere garaian taberna egon zenetik hona, legeak aldatu egin dira eta momentu honetan, dagoen bezala, aktibitate lizentzia bereganatzeko zailtasunak izango lituzke. Udalak taberna edo jatetxe funtzioa betetzeko eta lokalak aktibitatea berreskuratzeko zein baldintza bete beharko lituzkeen jakiteko proiektua eskatu du. Proiektu hori eskura daukagunean, zein kostu eta eragin duen ikusita, ahalik eta azkarren erabaki beharko da Iriarterekin zer egin.

Aldaketa ugari dator Zizurkil Goiko plazara, ezta?
Bai, baina Zentroko gaiak ez dauka zerikusirik plazaren berritzearekin. Azaroaren 24an Plan Orokorra onartu zen Zizurkilgo udaletxean. Dagoeneko dokumentua publikoa da eta alegazioak jartzeko aukera izango da aurrerantzean. Plan horretan, lehen onarpenaren arabera, Zizurkil Goiko gunea nola geratuko den azaltzen da baina txostenean, herri osoan egitea proposatzen diren aldaketa guztiak biltzen dira.

Plan Orokorraren arabera, zein aldaketa izango dira Zizurkil Goran?
Zizurkil Goran elizaren atzealdeko bide hori atzeratu egingo litzateke, elizaren ingurua eta plaza oinezkoentzat bihurtuz. Elizaren atzealdean aparkalekuak egokituko lirateke eta autoak plazatik atera. Hainbat eraikin publiko egitea ere aurreikusita dago. Batetik, eskola eta Iriarte etxea handitu egingo lirateke. Bestalde, plazaren inguruan ere eraikin berria egingo litzateke herrian dauden eskaerei erantzuteko. Plana definitiboki onartzerako urtebete igarotzea aurreikusten dugu. Prozesua aurrera doa baina lan hauek denbora eskatzen dute. Herriko Plan Orokorraren dokumentua egitea legealdi osoa kosta zaigu, udalerri guztia aztertu dugu zentimetroz zentimetro eta dokumentu hori, datozen hamabi urteetan erabiliko da udaletxean. Ikuspegia ahalik eta zabalena izateko, teknikariak, herritarrak eta politikoak aritu gara dokumentua osatze lanetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!