Alkatea Zubimusuren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 17:05

Joan zen abuztuan Zubimusu trafikoari itxi zitzaionetik hainbat ika-mika sortu da inguruan.
Mari Anjeles Lazkano alkateak euren erabakiaren zergatia azaldu du.

Zubimusuz hitz egiten hasita, lehenik eta behin, zubi hori Zizurkilena ez dela argi utzi nahi du alkateak, “Foru Aldundiarena baizik”. “Bestetik, badakigu aldaketak egiten direnean gorabeherak sortzen direla eguneroko bizimoduan eta onartzen dugu hori horrela dela”. Pausoz pauso, maiatzaren 31n, Zizurkilgo udaletxeak Foru Aldundiko Bide Azpiegituren egiturari Zubimusu trafikoari ixteko baimena eskatu ziola azaldu du Lazkanok, “Ugareko obrak zirela eta oinezkoentzako pasabidea kendu egin behar zela aurreikusita, egokiena Zubimusu trafikoari ixtea izango zela pentsatu genuen, oinezkoei segurtasuna emanez eta Zubimusu Villabonatik Zizurkilera eta Zizurkildik Villabonara etortzeko aukera bakarra zela ikusirik”.
Ekainaren 15ean Foru Aldundira deitu zituzten Villabona eta Zizurkilgo udaletxeak, batetik Zizurkilek egin zuen eskaera ikusita eta Villabonako irteeran, Adunarako bidean zeuden obrak kontuan hartuz, hura ere itxi egin beharko zela aurreikusita. “Bilera hartan bildutakoek trafikoa nola bideratu aztertu eta zein arazo sor zitezkeen eztabaidatu genuen. Villabonak sarrerako arazoari saihetsetik irtenbidea emateko aukera azaldu zuen eta Zubimusuri zegokionez, Ugaren errepide berria irekiko zenez, handik bideratzea erabaki zen. Guk libre uzten genuen Zizurkilera sarrera Villabonatik izatea edo Zizurkildik Villabonara irteera. Villabonako Udalak, ordea, egokiago ikusten zuen Zizurkilera sarrerako bidea Ugaretik izatea eta hala erabaki zen”.
Zizurkilgo Ugare auzoan bi noranzkotako errepidea egin da eta alkateak, gune horretan, Zizurkilen trafikoa bi zentzutara zabaltzeko arazorik ez dagoela dio. “Villabonara iritsita, norabide bakarreko bidearekin egingo dugu topo, Sacem-go zubia enbutu moduan itxi egiten baita. Horrek bidea zentzu bakarrean irekitzera behartzen gaitu nolabait. Ez da Zizurkilen arazoa”.

Kexa ugari
Foru Aldundiko bilera hori eta gero, Zizurkilgo Udalak ekainaren 27an jaso zuen zubia ixteko baimena. “Guk Santio jaiak baino lehen ixtea nahiago bagenuen ere, abuztuaren 8ra arte irekita eduki genuen zubia, Villabonako Udalaren iritzia errespetatuta”. Zubia itxi eta hilabetera sortu ziren lehen ezadostasunak, “irailaren erdialdera Villabonako merkatariak nigana etorri ziren euren kexak azaltzera. Zizurkilgo merkatariak ere kexatu egin dira eta baita jende gehiago ere. Besteak beste, Lasarteko tranbiakoak. Bilera asko egin da eta Foru Aldundiak zenbat arazo sortu den ikusita, zubia batera edo bestera ireki egin beharko litzatekeela esango baligu, guk ez geneukake inolako arazorik. Areago, momentu honetan ere ez daukagu inolako arazorik zubiaren erdia trafikoari irekitzeko, ireki baliteke. Ahal denean, norabide batera irekitzeko adostuta gaude. Baina nahikoa da une honetan Zubimusura gerturatzea irekitzea ezinezkoa dela sumatzeko”.

Oinezkoari lehentasuna
Kexatu den jende guztia kotxearekin buelta handia eman behar delako kexatu dela ere adierazi du alkateak. “Zizurkilek zubi hori ixtea oinezkoak defendatzeko eskatu zuela azpimarratu nahi nuke. Daukaten aukera bakarra delako Zizurkildik Villabonara eta Villabonatik Zizurkilera etortzeko. Mugikortasunaren kanpainak egiten ditugunean, oso ondo iruditzen zaizkigu denoi kontu horiek guztiak baina, behar denean  oztopoak jarri behar al dizkiegu oinezkoei? Gainera pasabidea kendu bazaie, nonbaitetik pasa beharko dute”. Bestalde, merkatarien kexuen inguruan, “ez genuen uste zubia ixteak horrenbesteko eragina izango zuenik merkatarien artean eta gutxiago Zizurkilgoengan. Ulertzen dut merkatarien jarrera eta uste dut jendea mugitu delako egin ditugula hainbeste bilera gai honen inguruan. Ez dugu zubia itxi eta bere horretan gaia baztertu. Ez, ez, alde ezberdinek eskatuta irtenbidea eman nahian jardun gara. Hala ere, zubiaren ondoan dagoen zanga ikusita eta Ugaretik hona egin behar duten pareta zubi aldera datorrela kontuan hartuta, momentu honetan ez dago beste aukera fisikorik. Argi gera bedi, ez da nire kapritxoa”.

Lanak urte hasieran amaituta
Urte hasierarako lanei amaiera ematea espero da, “urtarrilerako edo, ahal bada, lehenago zabaltzen ahaleginduko gara. Ugareko lanak bukatzean, pasabide berria jarriko da Ugaretik Villabonara eta Zubimusu lehen bezala geratuko da trafikoarentzat nahiz oinezkoentzat irekita. “Guk ez daukagu gai horretan zeresanik. Obrak amaitzen diren bitartean itxita egoteko lizentzia besterik ez dugu zubi horri dagokionez”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!