Frontoia, merkatu-plaza bilakatu zenekoa

Kultur Astean estrainekoz azoka egin zen. Ia hogei postu ipini zituzten eta aukera oso zabala zen: landareak, artelanak, esnekiak, gozoak, baserriko produktuak…

Aurten antolatzaileak pozik egon daitezke. Deitu zituzten hitzordu ezberdinetara herritar ugari bildu zen. Besteak beste, aurreko egunetan izandako herri bazkarira edota bideo emanaldira. Azokara agertzeko artisauak ere prest agertu ziren. Ezin lotu daitekeena eguraldia da eta, alde horretatik, goiza oso petrala izan zen. Euria, hotza eta haizea, hirurak batera.
Lagunartean igaro zen goiza eta larrauldar askok lan handia hartu zuen azokaren prestakuntzan. Aurreko egunetan taldetxo bat baserriz baserri ibili zen barazkiak eta esnekiak biltzen. Horiek guztiak modu onean eros zitezkeen Olgaren eta Adelaren postu ederrean. Intxaurrak, esaterako, Larraulgo azoka hitzak serigrafiatutako telazko poltsatan eskura zitezkeen.
Azokarako prest izateko bezperan eta goizaldean lanean ibilitakoak okinak izan ziren. Aitziber Mendiola, Ainhoa Martin eta Pili Otaegik euren eskuekin egindako ogi integralarekin postua ipini zuten. Zinez ona zen ogia, eta salmenta gehien izan zuen postuetakoa izan zen. Merke eta on saldu zen beste produktua Irazuk eskolaren inaugurazioarekin prestatu zuen ikus-entzunezkoa izan zen. DVD formatuan, balio handiko dokumentua larrauldar askorentzat.
Eguraldi petralak frontoiaren harmailetatik gertuen zeuden postuak bereziki zigortu zituen. Aiurri, Argia eta antzeko postuetan euria eta haizea benetako etsai bilakatzen dira. Liburuak, aldizkariak…, sorta bakoitzaren gainaldean zeuden aleak zaborrontzira joan ziren zuzenean.

Partaideak
Lehen edizioan partaidetza polita izan zen. Hauexek, batzuk aipatzearren: Joxe Arruti gozogilea, Inaxio Arruti harakina, Pili Otegi ukenduak, Ainhoa Martin okina, Aitziber Mendiola okina eta gozogilea, Larraulgo baserritarrak, Enara Treku, Karlos Irazu eta Antselmo Larrarte  artisauak, herriko haur eta gazte artisauak, Aritz Usandizagaren landareak…
Herri giroan eta eguraldiari aurre eginez, lagunartean igaro zen Larraulen azaroko azken igande goiza. Herriko frontoia merkatu-plaza bilakatu zenekoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!