Ekuador, herritik atera gabe

Hegazkinik hartu gabe bidaiatzeko aukera izango da asteburu honetan Larraulen. Izan ere, Kultur Asteari jarraipena emanez, Ekuadorri eskainitako asteburua antolatu baitute.

Kristina Garde larrauldarra ibili da asteburu berezia antolatzeko lanetan: “Larraulen bizi den etorkin bakarra Ekuadorretik etorritakoa da eta horren inguruan zerbait egitea pentsatu genuen. Tolosan badut lagun ekuatoriar bat eta mota honetako ekitaldiak antolatu izan ditu lehen ere. Zizurkilen, Ibarran, eta beste herriren batean ere egin izan dituzte horrelakoak. Herri horietan antolatutako ekitaldien antzekoak izango dira Larraulen ere”.

Larraulgo etorkin bakarra
“Jendea plazara hurbiltzea nahiko genuke. Larraul herri txikia da eta ez dugu jendetza handirik espero behar, baina giro ona sortzea nahi dugu. Larraulgo baserri batean bizi eta lan egiten duen Julio ekuatoriarra plazara etortzera gonbidatu dugu eta gustura eman digu baiezkoa”, azaldu du Kristinak.
Julio Quinganguano duela bost urte irten zen Ekuadorretik. Zarauzko enpresa batean aritu zen lanean lehendabiziko urtebetean eta handik, Larraulgo Larrola baserrira etorri zen lanera. Gustura bizi da Larraulen, baina urte gutxi barru bere jaioterrira itzuli nahiko luke: “Nire sustraietara itzuli nahi dut. Ekuadorren dut nire familia, lagunak, ohiturak..., eta haien falta sumatzen dut. Hemen gustura nago, baina gogorra da etxetik urrun egotea”. Larraulen bizi den etorkin bakarra da Julio: “Asteasun badira ekuatoriar gehiago eta haiekin elkartzen naiz astebukaera batzuetan. Gustura ibiltzen gara, batez ere festa giroan. Asteburu berezi hau ondo etorriko zait jende gehiago ezagutzeko; bai larrauldarrak, baita gerturatuko diren ekuatoriarrak ere. Larraulgo plazara gerturatzeko ohitura handiegirik ez daukat. Jaietan eta ekitaldi berezietan bakarrik geratzen naiz plazan. Asteburu honetako jaia jendea ezagutzeko aitzakia polita izango da”.
Abenduaren 6 eta 7an Ekuadorri eskainitako asteburuko ekitaldietara gerturatuko da Julio: “Antolatzaileek deitu ninduten eta han izango naiz. Oso ondo iruditzen zait horrelako ekitaldiak antolatzea, elkarren berri izateko. Ekuadorrera joan ezean, zaila da hemengo jendeak hango kulturaren berri izatea eta horrelako ekitaldiak ondo etortzen dira. Hango eta hemengo kulturak ezberdinak dira, baina antzekotasun batzuk ere badituzte. Hori ikustea polita izango da”.

Arto-irina
Afari ekuatoriarra egingo da larunbatean: “Ez dakit zehazki zein menu prestatu duten, baina Ekuadorren arto-irin asko jaten da, talo moduan gehienbat. Hemen bezalatxu jaten da han ere, txerriki dexente, behikia, oilaskoa, barazkiak..., janariei pikantea jartzea gustatzen zaigu, gainerantzean ez dut alde handirik nabaritu jaterako garaian. Gurasoekin hitz egiten dudanean beti galdera bera egiten didate: hemen zer jaten ote dudan. Hemen denetik dagoela esaten diet, Ekuadorren bezala”.
Ekuadorreko dantza erakustaldia ere izango da Larraulen. “Dagoeneko nahiko ahaztuak ditut hango dantza tipikoak eta ez nuke asmatuko nolakoak diren azaltzen, baina kolorez beterikoak dira, gustura ikusteko modukoak. Geografikoki, Ekuadorrek oso alderdi ezberdinak ditu eta dantzak ere aldatu egiten dira batetik bestera. Ni mendialdean jaio nintzen eta txikia nintzela nire familia kostaldera joan zen bizitzera. Janzteko modua ere asko aldatzen da batetik bestera. Mendian hotz handia egiten du eta jendea oso ondo babestuta ibiltzen da, kolore biziz jantzita. Kostaldean berriz arropa arinagoak erabiltzen dira, alkandora argiak eta gona motzagoak, esaterako”.
Zortzi anai-arrebetan bosgarrena da Julio eta beste bi anai ditu Ekuadorretik hona etorrita. “Beste anai-arreba batzuek ere etorri nahiko lukete, baina gaur egun gauzak ez daude oso erraz. Baimenak lortzea oso zaila da”, aipatu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!