Plaza oinezkoentzat egokitzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abe. 2a, 16:58
Pasa zen astelehenean hasi ziren Adunako plaza oinezkoentzako gune izateko lanak. Otsailerako amaituta izatea espero dute.
Aurrerantzean ibilgailuek ezingo dute Adunako plaza erabili. Horrela azaldu du Arantza Aburuza alkateak: “Larrialdi kasuetan bakarrik sartu ahal izango dute ibilgailuek, gainerakoan, debekatuta egongo da. Orain arte aparkaleku bezala erabiltzen zen plaza. Marrarik ez zegoen margotuta eta bakoitzak ahal zuen moduan uzten zuen autoa. Lanak amaitzen direnean debekatuta egongo da autoekin sartzea eta oinezkoentzat berreskuratuko da plaza”. “Inguruko aparkalekuetan utzi beharko dira ibilgailuak. Ez dugu uste arazorik izango denik. Kotxeak uzteko nahikoa toki badago oso urrutira joan beharrik izan gabe eta oinezkoentzat hainbat pasagune dago aparkalekuetatik plazara”, gaineratu du.

Hiru hilabete
Azaroan egidako osoko batzarrean erabaki zuten lanak egiteko ardura Acuña SA enpresari ematea. “Urriaren 3an argitaratu ziren pleguak Aldizkari Ofizialean eta bederatzi enpresa aurkeztu ziren. Udalak baldintza nagusi bat jarri zuen lan hau esleitzeko orduan: abendurako lanak egiten hastea. Epeak zehazteko garaian, dirulaguntza batzuen menpe zegoen Udala. Dirulaguntza horiek lortzeko, otsailerako lanak amaituta eta ordainduta egon beharko lukete. Acuñakoei baldintza hori jakinarazi zitzaien eta azaroaren 24rako, zuhaitzak bota eta zangak egiten hasiak ziren. Egoera txarrean zeuden plazako zuhaitzak eta botatzea erabaki zen. Etorkizunean erabaki beharko da nola ordezkatu. Lurra zulatu beharra zegoenez, etorkizunari begira hoditeria sartzea erabaki da. Pilotalekua eta elizaren ondoko lokala udaletxearekin elkartzeko modua izango da horrela, egunen batean megafonia edo argindarra beharko balitz ere”. 159.650,11 euroko kostua izango dute plazako lanek.

Elizatik Txantxanera
“Herrigunea oinezkoentzat egokitzeko, udaletxe pareko plaza bakarrik falta zen eta horretan ari gara. Oztopo arkitektonikoak kendu eta elizaldeko plazari segida emanez, Txantxane bitarte eta Elordi plazarekin bat eginez, herrigunea oinezkoentzat gordetzea da gure asmoa. Lurra ondo berdindu eta ingurune zabalagoa sortzea bilatu dugu”, azaldu du.
Uztartza ondotik pasako den errepidea egiteko lanak ere aurrera doaz: “Herria inguratuko duen erraztuna osatuko da modu horretan. Eskola ingurutik pasako da errepidea. Goiburu aldetik eskola bitarte, zentzu bakarrekoa izango da, Uztartza aldetik berriz norabide bikoitzekoa”. “Oraintxe bertan herria obraz beteta dago eta badakigu ez dela erosoa, baina onerako izango dela uste dugu. Bi obrak otsaila alderako amaituko direla uste dugu eta hortik aurrera lasaitasuna izango da denboraldi baterako”, gaineratu du.
Etorkizunari begira, eskola ondoko lursailak eskuratu ditu Udalak: “Eskola handitzeko lanak egiten dituztenean, parkea kenduko dute; lursail bat eduki nahi genuen parkea ingurune berdinean jartzeko. Momentuz ez da lanik egingo, baina lurjabeekin hitzarmena sinatu dugu, aurrera begira”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!