Urnieta Buruntzape Zikloturista Elkartea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 27a, 12:10

Txirrinduzaleek bilgune berri bat izango dute aurrerantzean Urnietan; Urnieta Buruntzape Zikloturista Elkartea. Erabakia azken asteotan Lekaion antolatu diren bileretan hartu zen. Ez baitira gutxi inguru hauetan bizikleta hartu eta osteratxo bat egitera joaten direnak. “Zikloturista elkarte bat sortzearen inguruan jendeak zuen iritzia ezagutu nahi zen, jende asko baitabil Hernanin, Andoainen, Lasarten… Eta beste batzuk bere kontutik dabiltza”, adierazi du Andoni Urbistondok.

Esperotakoa baino harrera hobea izan zuten egindako deialdiek. Lehenbizikora dozenatik gora zaletu bildu baitziren kultur etxean eta handik gutxira, elkartea osatzea erabaki zuten. Urrats hori emateko hiru aukera zituzten; elkarte berri bat osatzea, edota egun dauden bi klubetako batean sekzio moduan integratzea. Azkenean, Urnieta Buruntzape Txirrindulari Kirol Elkartean sartzea erabaki zuten, sekzio moduan. Urbistondoren esanetan, bilgune berriak zaletuak taldean batu nahi ditu, “Osteratxo bat egiteko gelditu, probak ikustera joan. Bildu...”. Dagoeneko 40 bat bazkide ditu elkarte berriak.

ARROPA PREST
Elkarte berriko eragileek prest dituzte kideek erabili ahal izango duten arropa. Interesdunek azaroaren 30era arteko epea dute eskaera egiteko. Baldintza bakarra elkarteko bazkidetza egitea litzateke; 10 euro ordaintzea. Bestela, zikloturista bilguneko kide izan nahi duenak geroago ere izen emateko aukera izango du, bazkidetza egiteko epea ez baita itxiko. Argibideetarako honako posta elektronikora idatzi daiteke; buruntzape@yahoo.es. Edota telefono zenbaki honetara deitu: 620 784 183.

Abenduan beste bilera baterako dei egingo dute. “Orduan eta gehiago izan, orduan eta aukera gehiago egongo dira gauzak antolatzeko”, gogorarazi du Urbistondok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!