Gauzak horrela, ludoteka eta aisialdi talde ezberdinak antolatuz ikasturte berria martxan jarri dute. Hirurehundik gora partaide biltzen da talde ezberdinetan. Asteburuero bada zerbait aisialdiarekin lotuta, beraz. Azaroaren hasieran Halloween festa ospatu zen, hilaren 9an gaztetxoak Behobia-Donostiako partaideak animatzera abiatu ziren Donostiara, Ludoteka azaroaren 15ean jarri zen martxan eta pasa den asteburuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle talde handi samarra Beizaman izan zen asteburu pasa.
Elkartasuna
Helduenen taldean batxilergoko ikasleak bilduko dira, 0,7-Zeinu taldearen izenpean. Herrien arteko elkartasuna sustatzea izango da, zalantzarik gabe, talde honen zeregin nagusienetakoa.
Ikasleen adina gainditzen duten askok taldean jarraitzen du, bolondres modura. Berrogeita hamar begiraletik gora dago Izartxo aisialdi taldean, ia denak bertan ikasitakoak.
Taldearen dinamika etenik gabekoa da. Hurrengo asteetan irteera gehiago burutuko dira Gipuzkoako naturgune eta kirolguneetara. Aurten, gainera, Izartxo talde ezberdinen topaketa Andoainen burutuko da.
Taldez talde
- Ludoteka (LH 1, 2 eta 3):
99 kide. Azaroaren 15ean jolasak eta tailerrak egin zituzten.
- Haurrak (LH 4, 5 eta 6):
91 kide. Azaroaren 9an Donostiara irteera egin zuten.
- Gazteak (DBH 1 eta 2):
60 partaide. Azaroaren 1ean Halloween jaia ospatu zuten.
- Gazteak (DBH 3 eta 4):
Beizamara elkarbizitza, pasa den asteburuan.