Olatz Irazu, futbol federaziorako Euskaldunako hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 27a, 12:05

Euskalduna futbol taldeko zuzendaritzako kidea da Olatz Irazu andoaindarra. Gipuzkoako federaziorako aurkeztu da orain, Jaime Barriusoren hautagaiaren zerrendan. Abenduren 15a da Barriuso ala Larrea hautatzeko eguna, baina dagoeneko, jokalari edo entrenatzaileek Barriusoren alde bozkatu dute.

Noiztik eta nola Euskaldunako zuzendaritzako kide gisa? Zein  funtzio betetzen  duzu?
Josune Irazu.
Badira ia bi urte hasi nintzela gaurko lantaldean. Joxean Huizi lehendakariak bilera batera deitu eta laguntza eskatu zidan. Aurretik ikastolako batzordean elkarrekin egon ginen, eta futbola betidanik gustatu izan zaidanez, animatu egin nintzen. Eroso sentitzen naiz Euskaldunako talde eragilean.  
    
Aitaren garaian baina zailagoa ote, egun, maila apaleko taldea zuzentzea? Zergatik?
J.I.
Nire ustetan garai bakoitzak bere arazoak ditu. Gaur egungo Kirol Elkarteak oso desberdinak dira garai batekoekin konparatuz. Gaur Euskaldunak hamaika talde ditu, eta horien artean emakumezkoen bi talde infantil eta kadete mailatan.

Emakumeak jokatzen bai, baina talde bateko zuzendaritzan, oraindik gauza arraroa egiten zaigu.
J.I.
Gaur egun emakumeak alor guztietan parte hartzen dugu eta futbolean beste edozein kiroletan bezala, emakume asko ari gara. Nik beste taldetan ezagutzen ditut behintzat.

Zerk animatu zintuen Barriusoren taldean aurkeztea?
J.I.
Egia esan hitzarmena hautsi zenean guk garbi ikusi genuen, beste klubek osatutako taldeekin egon behar genuela. Uda aurretik jaso genuen parte hartzeko gonbitea.  Ez nuen horrelako asmorik baina zuzendaritzako kideek animatu ninduten erabakia hartzera.

Funtzio berezirik beteko duzu talde horretan, irabaziz gero?
J.I.
Ez dakit zer egingo dudan zehazki baina oso talde ona osatzen dugu eta Andoain Buruntzaldeko zonaldean kokatu dugunez, hor ere lan egingo dut.

Zertan bereizten dira bi hautagaitzak?
J.I.
Guk ez dugu zalantzarik Erreala dela Gipuzkoako lehen taldea, eta horrela nahi dugu izatea. Beraz, Gipuzkoako Klubek Errealarekin egon behar dugu.  Gu konbenio horren filosofiarekin bat gatoz, hobetu daiteke noski, gure ustez lurraldetasuna garrantzi handikoa delako batez ere gure antzeko klubek kirol deskapitalizaziotik babesteko; hau da, kanpoan dabiltzan andoaindarrak Euskaldunan jokatuko balute, gure taldeek maila altuagoan jokatu ahal izango lukete.

Ez duzue beldur, Iñaki Badiola Larrearen alde jo izanak, Badiola bai ala ez plebizistoan bihur daitezkeela hauteskundeak?
J.I.
Batere ez, guk Errealari leku berezia utzi diogu gure zerrendan, eta guk irabazten badugu Gipuzkoako futbol kluben batasuna landuko dugu. Erreala gauza bat da eta Badiola beste bat.

Mesede ala kalte egingo dizue Reala bigarren mailara jaitsi zen garaiko zuzendaritzak zuen alde jo izanak?
J.I.
Ze kalte egingo digu, kirol taldeen hitzarmena aurreko zuzendaritzak bultzatu zuen eta! Oraingoek hautsi egin dute.

Zuk ezagutzen duzun aldetik, zer arraio ari da gertatzen Gipuzkoako futboleko bulegoetan azken aldian?
J.I.
Beti gertatu izan dena, hau ez da berria. Federaziotik bultzatuta hitzarmen berri bat egin beharko da eta horretarako espero dut abenduaren 15ean Jaime Barriusok irabaztea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!